Kritika. Musika. Gasteizko Jazzaldia

Une liluragarriak

2012ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Gasteizko jazzaldia

Mendizorrotzan: Joshua Redman & The Bad Plus eta Soul Rebels Brass Band. Principalen: Phronesis. Eguna: uztailak 18.

Gasteizko Jazzaldiaren hirugarren egunean iritsi zaizkigu une benetan liluragarriak. Esan daiteke The Bad Plus hirukote estatubatuarra hainbat zaleren artean kultuko taldea dela, eta, horregatik, oso jarratzaile fidelak dauzka. Baita etsai amorratuak ere. Haren eskaintza musikala, jazzaz gain, beste hainbat musika estilok ere osatzen dute, hala nola rockak, popak, eta avant-garde-ak. The New York Times egunkariak honela definitu zuen talde honen lana: «Hoberenak indie-rocka eta 1960ko hamarkadaren ondorengo jazzaren sentsibilitateak jorratzen». Oraingo honetan, Joshua Redman saxofoi tenor jotzailea du lagun taldeak, gure zorionerako. Egungo jazzeko hots interesgarrienetarikoa, Redmanek hirukoteak eskainitako sare erritmiko eta melodiko ederra profitatu zuen, duela hainbat urtean Mendizorrotzako oholtza gainean entzun ahal izan ditugun une musikal hunkigarrienak eskaintzeko. Bikaina izan zen, batez ere, Ethan Iverson The Bad Pluseko kontrabaxu jotzaileak idatzitako People Like You-ren interpretazioa, teknika, sentsibilitate musikala eta soinu aberastasun dotorea eskuzabaltasunez barreiatu zuena. Aukera baduzue, entzun. Etorkizunean gogoratuko dute hori zaleek.

Emanaldian, saxofoi jotzailea ondo moldatu zen une oro hirukotearen ezaugarri berezietara (eta hori ez da samurra izan behar, taldearen izaera ikusita) eta hainbat une aipagarri eskaini zizkigun: Love Is the Answer, 2PM, The Big Eater, The Bad Plus taldearen abestiak guztiak. Emanaldi ederra burutu zuen abesti honekin: Silence Is the Question. Iversonek konposaturiko abesti ederra. Berak aitortu zuenez, Espainian egindako film batean erabili omen dute, egileak jakin gabe.

Dantzaldi afroamerikarra

Bigarren zatirako aldez iragarritako berbena antolatu zuten The Soul Rebels brass bandeko kideek. New Orleanseko gazte horiek hiri horretako tradizioari eutsi diote, eta haize instrumentuekin osaturiko brass banden soinua garatu dute, hainbat estilo modernorekin jorratuz, hala nola funkya, soula, popa, eta beste. Bi tronpetarekin, saxo tenorrarekin, bi tronboirekin, sausaphone delako batekin (tubaren antzerako instrumentua), kaxarekin eta daunbalekin osatutako gazte beltzen bilerak dantza egiteko abestiak jo zituen etengabe. Ikusleei gustatu zitzaien, baina ez ziren askorik animatu dantza egitera. Emanaldiaren hasieran, Jonathan Batiste piano jotzailea animatu zen jaialdian parte hartzera, melodika antzeko instrumentuarekin. Jonathan Batistek Gasteizko hotel batean gauero pianoa jotzen du.

Berandu amaitu zen emanaldi hori. Aurretik, berriz, arratsaldean, Phronesis hirukotea gogoz aritu zen Principal antzokiko agertokian. Ipar Europako kutsu ezkutaezina duen talde horrek Esbjorn Svensson Hirukotearen (EST) aireak gogorarazi zizkigun, eta, Jasper Holby kontrabaxu jotzailearen gidaritzapean, emanaldi atsegina eskani zuen. Politikariek hauteskundeetan emandako hitza jatea gaitzetsi zuten, eta Londresko etxebizitzen gaur egungo prezio eskandaligarriak ere bai. Horiek bide Europako iparraldeko gazteen egungo kezkak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.