Kritika. Artea

Ur soinu abstraktuak

Criadoren erakusketako lanetako bat. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Mikel Onandia Garate.
2012ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Rufo Criadoren 'Ur soinuak'

Lekua: Rekalde aretoa, Bilbo. Noiz arte: apirilaren 9ra arte.

Ur soinuak ditugu entzungai Rekalde aretoan, begietatik heltzen zaizkigun kolore eta forma abstraktuek sorrarazitako erreka doinuak. Hala dio Rufo Criado margolariak (Aranda de Duero, Espainia, 1952) agertzen duen mostrako lanaren esplikazioak; izan ere, pintura lanen bidez uraren aurrean sentitutako emozioak adierazi gura ditu artistak. Erronka polit bezain gaitza izaki, bada zer esatekorik Criadoren lanaren gainean.

Orotara, espainiar margogintza garaikidearen erreferenteetakoa denaren erakusketa monografikoan 40 bat lan inguru aurkezten dira, azken hogei urteotan gauzatuak guztiak. Oro har, koloreak, geometriak eta baliabide digital berrien erabilerak ezaugarritzen du Criadoren lana. Gai beraren gaineko pieza ezberdinak dira, funtsean, sekuentzia beraren serie ezberdinak. Erroak naturan daude, konkretuki uraren inguruan dabilen naturarekiko jarrera positibo baten aldarrikapen gisa. Paisaian hauteman dituen sentsazioen arabera —egunero bisitatzen duen errekan lortzen du inspirazioa Criadok— estudioan sortzen dituen lanetan, naturaren sentsazioak itzuli eta adierazi nahi ditu kolorearen bidez, modu batera edo bestera, naturaren interpretazio plastikoak baititugu, ez modu esplizituan, abstraktu eta geometrikoan baizik. Alde horretatik, korronte post-erromantikoan kokatzen da, 40-50eko hamarkadako espresionista abstraktu asko bezala, baina formalki abstrakzio postpsikotikoaren kutsua igartzen diogu gehiago, nahiz eta tradizioaren barnean lengoaia propioa garatzea lortu duen.

Mostra osoko leitmotiva ura eta erreka baditugu ere, egiazki apur bat urrun geratzen zaizkigu artelanetatik. Oro har lan arrazional eta objektualak ditugu, eta pinturaz kanpoko munduari erreferentzia egin arren, lengoaia piktorikoa da bere baitan nagusi. Sintetikoak eta analitikoak dira hainbat, geometrikoak, baina ez hotzak, biziak baizik, batez ere koloreen hautaketa eta erabileragatik; izan ere, forma linealen hoztasuna koloreen erabilera biziarekin orekatzen du. Teknika mistoak darabilzki batzuetan, Criado industrialaren, digitalaren eta eskulanaren artean mugitzen baita, eta diziplinak ere askotarikoak ditugu. Gainera, azken urteetan bi dimentsioetatik jauzi egin eta hiru dimentsioetako pintura lanak gauzatu ditu, eskulturgintzara hurbilduz, material berriak erabiliz, baina pintura sekula utzi gabe.

Formatu estu eta luzeko xafla galbanizatuetan gauzatutako hamar margolanez osatutako Ur soinuak (2002) lana da erakusketaren abiapuntua. Kolore puruak eta forma angelutsuak ditugu, eta bistan den euskarri metalikoa kolore bat bihurtzen da bere baitan. Badira baita pintura akrilikoz mihisean margoturiko piezak ere, tamaina handikoak eta joko optiko ezberdinak ahalbidetzen dituztenak; horiek dira mostrako lan interesgarrienak, duda barik, konposizio sinpleena eta aldi berean indartsuena lortzen baitute. Bestetik, inpresio digitalei —konposizio eta koloreen erabilera konplexu eta erakargarria badute ere—, pinturaren naturaltasuna falta zaie, fisikotasuna, ehundura, lohi eta ezpurutasunen bolumena. Neutroegiak ditugu, aseptikoak, eta eskulanaren eta pintzelkadaren keinua faltan sumatzen dugu horiengan. Hirugarren lan modua aipatutakoen erdibidean kokatzen da. Inprimatutako oihaletan akrilikoz margotutako lanak dira, zeintzuetan forma eta koloreen trataeraz gain, teknika aplikatzeko moduarekin sakontasun efektua lortzen baitu artistak, osaera koloretsu eta xarmagarriei bide emanez, nahiz eta oraindik horietan inpresio digitalen akaberak osotasun kutsua kentzen dien.

Ur begiak izeneko seriea —Octavio Pazen poema bateko bertso batetik aterea— argi-kutxa zirkularrez osatua dago, munduan zehar Cervantes Institutuak dituen egoitzetan erakutsiak izan direnak. Argazki imajinak, ur erreflexuak eta estruktura formalistak elkar nahasten dira, errekatxoak ezkutatzen dituzten baso zarratuak bailiran. Argi nabarmeneko kaxak ditugu, baina forma eta tonuek kolore bizitasuna galtzen dute, eta kolore askotarikoak agertu arren, nahiko hotzak egiten zaizkigu. Bestetik, lan bolumetrikoei dagokienez, minimalismo koloreztatu baten barnean mugitzen da Criado, eta gutxi badira ere, pieza interesekoenen artean kokatu behar ditugu. Bukatzeko, Distantzia berdean (1992) proiekzioa dugu, artistaren estudio inguruko irudi eta soinuez osatua, mostrari giro naturala ematen diona.

Ospea lortu duen margolaria dugu Rufo Criado, eta haren lanetan heldutasuna ageri da. Argi du zer nahi duen landu eta adierazi. Artistaren unibertso bisual eta sentimentala da Rekalden erakusten dena, ikuslearen zentzumen eta sentimenetara zuzendua, eta bide horretan trebetasun kromatiko eta formalak erakusten ditu, batzuetan arrakastaz eta bestetan ez hainbeste, baina oro har erakusketa guztiari osotasun kutsua ematea lortuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.