Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala

Voyeur izateko ikastaroa

Gontzal Agote.
2012ko irailaren 25a
00:00
Entzun
'Dans la maison'

Zuzendaria: François Ozon. Aktoreak: Fabrice Luchini, Kristin Scott Thomas, Emanuelle Seigner, Denis Menochet. Herrialdea: Frantzia Iraupena: 105 minutu.

Abiapuntu interesgarria du Dans la maison-ek. Literatura irakasle baten eta haren ikasle baten artean harreman berezia sortuko da. Gazteak idatziko dituen testuen bitartez beste familia batean gertatzen den guztiaren berri jakiteko aukera izanen dute irakasleak eta haren emazteak.

Modu paraleloan garatuko ditu Ozonek bi plano horiek, idazlearena eta irakurleena. Formulak ongi funtzionatuko dio pelikularen lehen partean, baina hortik aurrera indarra galtzen hasiko da, bereziki irakaslearen eta haren emaztearen atalean. Azkenean, pelikula kontatzeko moduak kontatu nahi duena mugatuko du, forma edukiari gailenduz. Horretaz gain, sinesgaitza gertatuko da hainbat momentutan, eta nahiko amaiera eskasa izanen du.

Nolanahi ere, Dans la maison-ek zenbait gai interesgarri ekarriko ditu pantailara. Horietako bat da, hain zuzen, voyeurismoa eta askotan harekin lotuta egoten den morboa. Besteengandik zenbat eta gehiago jakin, orduan eta gehiago arakatu nahi dugu haien intimitatean. Norberaren bizimodu hitsaren ihesbide antzua izaten da.

Beste gai interesgarri bat sorkuntza prozesuarekin lotuta dator. Irakurlearen nahietara makurtuz —kasu honetan, aseezina bihurtuko den irakaslea—, istorioa haren desioetara moldatuko du ikasleak. Eta onespenaren bila etengabe elementu interesgarri berriak asmatu beharko ditu: sexua, suizidioak… Etengabeko gertaeren literatura (edo zinema) da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.