'Gartxot'
Zuzendariak: Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordi. Musika: Benito Lertxundi. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 85 minutu.
Lehenik eta behin, pertsonaia historiko bat izan zen Gartxot, Itzaltzuko bardoa. Mendez mende amnesia programatuak haren arrasto oro ezabatu nahi izan zuen, baina pizkunde kulturalaren berora haren berri zabaldu zuen Arturo Campionek. Pizkundean, Benito Lertxundik Itzaltzun gertatutakoari kantatu zion. Gerora, modernitateraino bidaia egin zuen hitzak irudi bihurtu zituzten Asisko Urmenetak, Jokin Larreak eta Marko Armspachek.
Baina irudi horiek gatibu sentitzen ziren orri koadernatuen artean, bizirik zeuden koblakariak, bizirik marrazkiak, bizirik dago Gartxot. Horregatik, mugitzen hasi da; berari gustatuko zitzaion moduan hasi dira irudiak bizirik agertzen, auzolana oinarri duen proiektu baten bitartez.
Pertsonaia eta gertaera historikoak bai, baina ia ezinbestekoa da Gartxot gaur eta hona ekartzea, pantaila handi eta eguneroko filmaren inguruan lotura subjektiboa egitea...
Pelikula euskara hutsez eman dute, astelehen zuria da dagoeneko erresuma ez den horren hiriburuan. Zinema aretoa egungo egituraren ikono nagusien ondo-ondoan dago, Carlos III du izena.
Haranzko bidean, kartel handi batek 1212, 1512, 2012 aipatzen ditu, eta ondoan kateatuta dago arboltzarrak trufa egiten dio.
Eliza da hurrena, gezur ofizialak dioenez, Loiolakoa hantxe bertan zauritu zuten. Arma eta gurutzea, elkarren ondoan. Bi bele sartu dira eraikinean, atarian dagoen eskaleari ezikusirik, latinez ari direla ematen du.
Erromes bat ari da semaforoa noiz berdetuko itxaroten; mapa bat du eskuetan, Orreagatik pasa zen duela egun pare bat.
Sarrera hartzeko zain, albokoen elkarrizketa entzutea errito ia sakratua da; «Oh my god!», euskaraz ari dira. Barruan jende gehiagoren berotasuna, bikote edadetu pare bat, amari gazteleraz egiten dioten D ereduko gaztetxo batzuk, bertsozale ezagunak...
Gartxot mintzo da pantailatik, euskara dotorean, atzokoaz eta gaurkoaz, xume baina benetako, apal baina sendo, xuabe baina argi. Erdi Aroko bidaia gozagarria da, bere gogorrean ederra da istorioa.
XI. mendeko Zaraitzutik XXI. mendeko Iruñera, hain hurbil, hain urrun. Zer pentsa eman du filmak, eta azken-aurreko gotorlekua den Alde Zaharrerako bidean zeregin zail horretan aritu gara. Kanpai hotsa hasiko da; auskalo, akaso mesias berria ailegatu zen bezperan.
Ia instintiboki Zapateria karrikarantz egin, eta, bat-batean, ahots lakar bat hasiko da aditzen, gitarra soil batek lagunduta burrunba horren kontra ari da, konplexurik gabeko mintzairan.
Kritika. Zinema
Zapateria Street Blues
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu