Zinema. Kritika

Zientzia fikzioaz harago

Gontzal Agote.
2012ko urriaren 31
00:00
Entzun
'Looper'

Zuzendaria: Ryan Johnson. Aktoreak: Joseph Gordon-Levitt, Bruce Willis, Emily Blunt. Jatorria: AEB. Iraupena: 119 minutu.

Kontuz! Ez azkarregi joan, gelditu zaren tokian. Etorkizuna ez omen da inoiz agindu diguten leku paradisuzkoa, behin eta berriz gogorarazi nahi digu hori zientzia-fikzioak. Finean, ez da nora ihes egiterik. Blade Runner-eko erreplikanteek gizaki nahi dute izan, liburuak salbatu Fahrenheit 451-n bizi direnek edota inposatutako arauak apurtu Wilsonek 1984-n.

Ez 2044an, are gutxiago 2074an. Looper-ek ez du etorkizunaren itxaropen handirik. Batean hiltzeko prestatu, bestean akabatu eta desagerrarazi. Horretarako erabiliko dituzte denbora-bidaia miretsiak. Bitartean, inguruan dena da miseria, anabasa eta otso bihurtutako gizon-emakume desesperatuak.

Zientzia fikzioa dela esatea oso motz gelditzea litzateke. Ryan Johnsonek, bere heldutasun zinematografikora heltzearekin batera, genero eta erreferentzia zinematografiko askoren zurrupaketa dotorea egin du Looper-en. Beltzari asko zor dio filmak, hori da zinemagilearen genero kutuna, Brick estraineko lanean erakutsi zuen moduan. Orduan argi gelditu zen berea ez zela industriaren aginduen menpe otzan geldituko zen begirada. Inpresio hori berretsi eta handitu du film bikain honek.

Lehen partean, denbora-kiribil batean sartuko ditu pertsonaiak, eta formula horrek dituen muga nabarmenak apurtuko ditu bigarren zati harrigarrian. Bruce Willisen pertsonaiak ezin argiago adieraziko du: «Egoera ulertzeko diagramak egiten egunak ematen ahal ditugu. Horrek ez du garrantzirik, isildu zaitez eta entzun nazazu». Izan ere, Willis eta bere harrizko aurpegia ezinbesteko osagaiak dira Twelve Monkeys eta The Sixth Sense-ri asko zor dien filmean.

Kiribila sortuta, ezustekoaren bidetik eramanen gaitu istorioak. Thriller fantastiko bihurtuta, istorioa prezisio osoz garatuko da, tentsioa oso ongi dosifikatuz, ikusleari kontzesiorik egin gabe —ikusi besterik ez haur bat odol hotzarekin nola hilko duten—. Looper-en gabezia teknikoek —muntaketa eta enkuadreekin, bereziki— ez dute ilunduko narratibaren distira.

Betidanik B sailak harribitxi handiak eman ditu, eta Johnsonen pelikula hau horien barruan sartzen ahal dugu. Inception-ek (Christopher Nolan, 2012) zuen handinahitik urrun, ongi eraikitako istorio garbi zein gordin bat du armarik onena. Zinemaz asko daki zuzendariak, nabari da eta ongi asimilatu ditu ikasitakoak. Fuller zikinenaren ikasgaiak etorkizunera proiektatu ditu Johnsonek, esperantza beste nonbait bilatu beharko dugula ohartarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.