Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Zabaltegi-Zuzendari Berriak

Zinema hizki handitan

Beñat Eizagirre Indo.
2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
'Urte berri on, amona!'

Zuzendaria: Telmo Esnal. Aktoreak: Josean Bengoetxea, Nagore Aranburu, Montserrak Carulla. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 107 minutu.

Z inema aretotik irteten zarenean ikusi duzun hori hitzekin azaltzea lan nekeza izaten da sarritan, baina kasu honetan ez dago zalantza handirik. Hitz batean definitu daiteke pelikula: zoragarria. Aparta, harrigarria eta txundigarria dela ere gaineratuko nuke. Aupa Etxebeste! baino hobea da, borobilagoa.

Oraingo honetan ausardia handia demostratu du Esnalek, eta harago joan nahi izan du. Eta bete-betean asmatu du. Komedia eta drama maisuki uztartzea lortu du, eta umore beltza ezinbesteko osagaia dela ezin uka daiteke. Kontxu Odriozola, Pedro Otaegi, Josean Bengoetxea eta Nagore Aranburu aktoreen lana ere primerakoa da eta segituan ahazten da euskaraz hitz egiten ari direla, hau da, hizkuntza bigarren maila batean geratzen da zinemaren lengoaia gailentzen denean. Ez da askotan gertatzen, baina euskararena anekdota bat baino ez da.

Urbizuk zuzendari baten aberria lengoaia bera dela adierazi berri du eta Esnalek zinemaz asko dakiela erakutsi du. Narrazio eredu klasikoan gertatzen zen moduan hasieratik argi geratzen da arazoa zein den; amona gainetik kentzea izango da helburua. Zahartzaroari buruzko hausnarketa dela esatea motzegi gelditzea litzateke. Istorioak sinplea dirudi, baina gauzak ez dira inoiz diruditen bezalakoak eta filmak ezusteko ugari gordetzen ditu. Amaierara heldu bitartean edozer gerta daiteke, amona honek beldurrezko film batetik ihes egin duela baitirudi. Amonak buruhauste gehiegi sortzen dizkio familiari eta horregatik egokiena egoitza batean sartzea dela erabakitzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.