Kritika. Zinema

Zirkulu magikoa

Gontzal Agote.
2012ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
'Hugo'

Zuzendaria: Martin Scorsese. Aktoreak: Asa Butterfield, Chloe Grace Moretz eta Christopher Lee. Herrialdea: AEB.

Iraupena: 127 min.

Langile talde bat, eguneroko beharra amaituta lantegitik ateratzen. Tren bat, geltokira ailegatzeko momentuan. Historia ofizialak dioenez —honetan ere historia alternatiboak izan badirelako—, horixe da zinemagintzaren hastapen ofiziala. Estatubatuarrek ez dute inoiz bertsio hori ontzat eman nahi izan; haien historiaren arabera, Edison izan zen zinemaren asmatzailea, eta ez Lumiere anaiak.

Nolanahi ere, zinemaren historiaurre horretan George Melies ezinbesteko osagaia izan zen. Bere biografian arte berriaren argi-ilun guztiak elkartzen dira. Melies adierazpide berriarekin txundituta gelditu zen, eta, magoa izanik, magia egiteko molde berria deskubritu zuen mugitzen ziren irudi haietan. Ilusioa sortzea izan zen bere lana, eta ikusleak liluratzea lortu zuen. Gerora, baina, Edisonekin liskarra eta ahanztura etorri zen. Tren geltoki batera erretiratu zuten, bitxiak saltzera.

Zirkulu hori modu ezin hobean itxi du Hugo-k, narrazio hutsetik harago doazen keinuen bitartez. Batetik, iraganaren eta balizko etorkizunaren arteko zubia eraiki du mundu honetan dagoen zinemaren maitalerik handienetakoak, Martin Scorsesek. Geltoki horretan Lumiereren trenak eta Meliesen fantasiak bat egin dute, inguru irreal samar batean.

Ez da kasualitatea 3D teknika baliatu izana zinemaren sortzaileetako baten istorioa kontatzeko. Gaur egun biziko balitz Meliesek ere hala eginen lukeela argi dago. Izan ere, zinemaren hastapenetik izan dira hiru dimentsioak harrapatzeko saioak. Halaber, Hugo-rekin Scorsesek argi utzi du, nahi izanez gero, teknika horrek asko ematen ahal diola hizkera zinematografikoari.

Film zoragarri honek bertute ugari ditu, beharbada horien guztien artean fotografia eta girotze artistikoa dira bereziki nabarmendu beharrekoak. Hugo-ren irudiek eta kromatismoak mundu oniriko eta fantastiko bat sortu dute, askotan animaziotik oso hurbil dagoena. Efektu berezi erraldoirik gabe, irudimena lantzeko oinarrietara jo du Scorsesek, 3D bai, baina maitasunez egina. Dudarik gabe, horixe da Meliesi egiten ahal zitzaion omenik onena.

Trena abiada bizian ailegatu da geltokira; bertatik langileak jaitsi dira, lanetik bueltan. Pantailaren bestaldean ikusleok betaurreko ortopedikoak ditugu jantziak, jakin gabe zinemaren historian zer den iragana, zer oraina eta zer etorkizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.