'El muerto y ser feliz'
Zuzendaria: Javier Rebollo. Aktoreak: Jose Sacristan, Roxana Blanco. Herrialdeak: Espainia, Argentina eta Frantzia.Iraupena: 94 minutu.
Western bat izan nahi duen road movie bat da, bi genero horiek zinemagilearen narrazio molde berezitik iragazita. Filmaren estetikak kontrakoa iradokitzen ahal du, baina izenburuak dioen moduan, zoriontasunaren inguruko pelikula da hau. Heriotza bidelagun, bidean zoriontasun momentu txikiak gertatuko dira: hondartza batera ailegatzea, herrixka batean egun batzuk ematea, billeteak balkoitik behera botatzea…
Zoriontasun horren osagarri, paisaia mugagabea —fisiko zein soziala-—eta hilzorian dagoen Santos ditugu. Antiheroi eredugarria ondu du zuzendariak, nora ezean dabilen zaldun bakarti, eszeptiko eta erromantikoa. Hiltzera kondenatuta dagoela, munduari distantziaz begiratzen ahal dion pertsonaia kaurismakiarra. Nabari da Rebollok zuzendari finlandiarra gogoko duela, eta hemen oso presente dago haren eragina: absurduaren umorea, pertsonaia eta egoera surrealistak…
Handinahia. Hori izan da Javier Rebolloren filmek orain arte izan duten zama nagusia. Zinema egiteko eta narrazio bat josteko bide berritzaileak urratzea dira zuzendari espainiarraren tema, baina bilaketa hori estilo ariketa hutsean gelditu zen haren bi aurreko filmetan. Oraingoan, berriz, arrisku hori saihestu eta bere oinarrizko ezaugarriei uko egin gabe road movie diferente, poetiko eta bikain bat ondu du.
Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala
Zoriontsu hil
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu