'Forests'
Lekua: Gasteizko Principal antzokia. Eguna: urriak 19.
Zuhaitz biluzi handi batek bete du Forests emanaldiaren eremu eszenikoa. Bere sustraiak bolumen handiko egitura kubiko batean zituen eta kuboaren belztasunak kontraste garbia egin du inguruko horma altu eta zuriekin.
Agertoki klaustrofobiko horretan aurkeztu den muntaia Shakespeareren obretan oinarrituta dago, eta basoa eta denbora izan dira hasierako kontzeptu nagusiak. Basoarena berez mantendu da emanaldian zehar, egileak naturari zion miresmenetik eszena eta pasarte eder ugari sortu baitzituen, baina denboraren ideia hasiera batean baino ez da aipatu, eta hortik aurrera nonbait trabatuta eta geldi-geldirik geratu da, gure erlojuen orratzen antzera.
Antzezlan honetarako Williamen hogei bat antzerki-testu erabili dira, haien artean berebiziko lotura logikorik bilatu gabe, eta emanaldiak diseinuzko performance itxura hartu du, Calixto Bieito zuzendariaren estiloari jarraiki. Estilo horrek, ordea, aurrez aurreko talka egiten du nire planteamenduekin, nik uste dudalako egiazko performancea taula gaineko artisten barne munduan, baliabideen apaltasunean eta unez uneko errealitatearen interpretazioan datzala.
Bieitok, aldiz, diseinuzko performanceetako liturgian nahitaezkoak diren apaingarri denak erakutsi ditu —erbi belarri luzeak, mezu hutsalak aldarrikatzeko mikrofonoak, ikusleen begietarantz doazen foku zuriak, emakumeen biluztasun zentzugabea, margo gorriz zikindutako ezpainak...— eta ez ditu ahaztu beste osagai derrigorrezko batzuk, hala nola doako bortizkeria eta sexu bidezko probokazio txikiak, biak ala biak jatorrizko testuekin erlazionatu diren arren.
Dena den, muntaiaren berezitasun nagusia taldearen osaketa izan da, antzezleen hautaketa Londresko Royal Shakespeare Companyko bi kidek egin dutelako. Beraz, aktore gehienek Erresuma Batuan dute jatorria eta beste batzuek —Josep Maria Pouk, kasu— Katalunian. Horrela izanik, herri bietako hizkuntzak baliatu dituzte antzezle guztiek, betiere zorizko irizpideen arabera, eta goiko pantailan proiektatu da gaztelaniazko itzulpena.
Amaitzeko, eta proposamenak nahitara sortutako anabasa gorabehera, aipatzeko modukoa izan da aktore-lana eta, bereziki, Maika Makovskiren parte hartzea, berak konposatu baititu emanaldiaren kanta ederrak, haien interpretazioan bere ahots polifonikoa, gitarra elektrikoa eta teklatuak erabiliz.
Kritika. Antzerkia
Zuhaitzez eta denboraz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu