Literatura

''C’est la vie' esaten dute zaharrek' aurkeztu du Karlos Zabalak, helduentzako bere lehen eleberria

Goiz batean atzeraka ibiltzen hasi eta aurrerantzean dena hala egitea erabakitzen duen gizon bat da obraren protagonista. Hamabost urtez buruan izan ondoren, Elkar argitaletxearen eskutik eman du argitara Zabalak

Mendiguren eta Zabala, liburuaren aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
amaia igartua aristondo
2020ko irailaren 11
12:58
Entzun

Anton Pla, berrogeitaka urteko gizon arrunt hondarribiarra, atzeraka ibiltzen hasiko da goiz batean. Nahigabe egingo du lehenengo, baina, hortik aurrera, dena atzeraka egitea erabakiko du. Hori da Karlos Zabalaren 'C’est la vie' esaten dute zaharrek eleberriaren muina: «Berezitasun» horrekin hasi eta hurrengo hiru asteetan nola bizi den kontatzen du obrak, hori egitera bultzatzen duenaren inguruan hausnartuz, eta behin hasita hala jarraitzearen arrazoietan sakonduz. Hala ere, behin eta berriz ateratzen diren hari txiki askoz onduta dago narrazioa, egileak obraren aurkezpenean azaldu duenez. Hamabost urtez aritu da istorio honi forma ematen, eta Elkar argitaletxeak publikatu du urte horietako lanaren emaitza.

Nobela lehen pertsonan idatzia dago, baina Plaren ingurukoen erreakzioak ere agertzen ditu. Izan ere, Plaren «xelebrekeria» gorabehera, ohitzera helduko dira gertukoak: «Hainbeste errepikatuta, gauzak atzeraka egitea normal bihurtuko da, logikoa ia», azaldu du Zabalak. Areago, mundu mailako hedabideetan izango du oihartzuna Plaren egoerak. Elkarreko editore Xabier Mendigurenek ohartarazi du liburuak bitxikeria soila iruditu lezakeela, baina «sakontasuna» duela: «Xelebrekeria baten haritik tira egiten du, azken muturreraino».

Itzultzaile lanetan ibilia da Zabala, eta poesia eta haurrentzako literatura ere landu izan ditu, baina hau du helduentzako bere aurreneko eleberria. Zabalarentzat literatur sorkuntza «bazterreko arloa» dela adierazi du Mendigurenek, baina autorearen literatur uzta goraipatu du, halere, editoreak: «Azpimarragarria da zein elegante eta dotore idazten duen. Itzulpenean trebatua dago, eta ez da askotan ikusten hain idazketa ona». Zabalaren estiloa autoreak berak xehatu du: «Neutroa, ulerterraza... Elkarrizketetan estiloa desberdina da hitz egiten duenaren arabera. Batu dotore bat erabiltzen dut, ez oso ulergaitza». Oraingoan ere, idazketa mota eraginkorki erabilia izan da nonbait, irakurtzen hasi eta berehala «barre eta barre» hasi baitzen Mendiguren: «Gutxitan gertatzen da hori euskal literaturan. Eleberria umoretsua da, baina ezinegona ere sortzen du aldi berean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.