Aljeriako emirra izan zen Abdelkader ibn Muhieddine. Aljeriar nazioaren aitatzat daukate askok, eta literaturan ere aritu zen. Hala ere, ezagunagoa egin zen Frantziaren kolonialismoaren aurka egin zuen borrokagatik. 1830. urtean okupatu zuten lurraldea frantziarrek, baina hangoek uko egin zioten haien aginpidea onartzeari. Orduan, Abd el-Kaderrek, tribuak antolatu, eta borrokaren gidaritza hartu zuen.
Iaz egitekoa zen Abd el-Kaderren istorioan oinarritutako pastorala, baina pandemiaren ondorioz, aurtengo udara atzeratu behar izan dute antolatzaileek. Xiberoko Jauna alkartekoek adierazi dutenez, oraingoan, bi emanaldi izan beharrean, hiru izango dira, edukiera murrizketen ondorioz. Oraindik ez dute erabaki nola egingo duten pastorala, baina egingo dela argi daukate, eta hiru data ere eman dituzte: emanaldiak uztailaren 25ean, abuztuaren 1ean eta abuztuaren 8an izango dira. Azaldu dutenez, herritarrekin zenbait bilkura egiteko asmoa daukate antolatzaileek, pastorala nola egingo duten adosteko.
Gaia da aurtengo pastoralaren berritasun nagusia. Jean-Louis Davant idazle eta euskaltzain urgazlea da obraren egilea, eta zenbaitetan adierazi du pastoralak ez daukala zertan Zuberoan gertatutako istorio bat kontatu. Hala ere, Abd el-Kaderren eta Zuberoaren arteko antzekotasunak nabarmendu ditu zenbaitetan: Frantziaren konkistaren aurka gerra egin zuen Aljeriako emirrak, eta haren porrota zuberotar gazte askok ere pairatu behar izan zuten, Aljerian egonaldi militarra eginez. Davant izan zen gazte horietako bat; izan ere, 27 hilabetez egon zen han. Baina baita alderantziz ere: egileak azadu duenez, Abd el-Kader 1948an preso egon omen zen Paueko errege jauregian, beste hainbat gizonekin batera.