Pablo Aguero zinemagile argentinarrak Akelarre filma aurkeztu du, gaur goizean, Donostiako 68. Zinemaldiaren Sail Ofizialean. Lehiaketan eman duten lehendabiziko filma da, eta Kursaaleko auditoriumean izandako emanaldian oso harrera ona izan du. Euskaraz eta gaztelaniaz filmatutako pelikula da Akelarre.
1609. urtean kokatu du istorioa Aguerok, Euskal Herriko kostaldeko herri batean. Hara iritsiko da, inkisizoaren ordezkari, epaile bat, eta haren aginduz, berehala eramango dituzte atxilotuta bost neska gazte sorginkeria leporatuta. Epaileak akelarreetan parte hartu izana egotziko die emakumeei, eta, hori frogatu ahal izateko, behar duen guztia egingo du. Herriko gizonak itsasoan egonik eta jakinda herrira ilargi betearekin itzuliko direla, neskak saiatuko dira atxiloaldia luzatzen, ez ditzaten berehala erre.
Euskal aktore gazte talde bat da filmeko protagonista (Amaia Aberasturi, Garazi Urkola, Irati Saez de Urabain, Jone Laspiur, Lorea Ibarra), eta Alex Brendemuhl aktore kataluniarrak bete du inkisizioaren epailearen rola.
Filmaren musika, berriz, Maite Arroitajauregik eta Arantzazu Callejak konposatu dute.
Ez da hau Pablo Aguerok Donostiako Zinemaldian parte hartzen duen lehenengo aldia, 2015ean Eva no duerme filmarekin lehiatu baitzen Sail Ofizialean.
Cannestik dator Ozon
Akelarre-rekin batera, beste film bat sartuko da gaur Urrezko Maskorra lortzeko lehian; François Ozon zinemagile frantziarraren Été 85. Cannesko Zinemaldiak aurtengo ekitaldirako aukeratutako filmetako bat zen hori, baina zinema jaialdi hori bertan behera gelditu zenez, haren zigiluarekin iritsi da Donostiara.
Ez da hau izango Ozon Donostiako Zinemaldian lehiatuko den lehengo aldia ere. 2012an Urrezko Maskorra eskuratu zuen Dans la maison lanarekin, eta 2014an Una nouvelle amie aurkeztu zuen Sail Ofizialean.