Joxe Azurmendi idazle eta pentsalariak (Zegama, Gipuzkoa, 1941) azken hamabost urteetan han-hemen idatzitako testuak daude Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk liburuaren oinarrian. "Hitzaurreen bilduma moduko ba da" , Xabier Mendiguren editorearen hitzetan.
"Euskal Herrian eztabaida bolada bat egoten da zerbaiti buruz, eta hamabost egun geroago ahaztuta dago, eta beste gai bat sortzen da. Hitzaurre hauek eztabaida horietan sortu dira", azaldu du Azurmendik, gaur, Donostian egindako liburu aurkezpenean. "Sortzen da eztabaida bat, ahazten da, eta, geroxeago, berriro agertzen da; gauza berarekin gabiltza beti bueltaka", zehaztu du.
Euskal Herrian eztabaidan egon diren arazo horiez dihardute, hala, liburuko lau saioek. Hauexek dira lauren izenburuak: Mestizajea, multikulturalismoa; Juduaren ispiluan euskaldun bat ikusten da; Historia ez da ikusten, asmatu egiten da; eta Espainola izateaz. "Azken batean, estaturik ez daukaten nazioen abertzaletasuna, euskaltzaletasuna eta abar kuestionatzen zuten moda diferenteak eta modu diferenteak aipatzen dira", laburtu du egileak berak. Eta adibide bat jarri du: "Abertzaleok mitoetatik bizi garela esaten da beti, eta azkenengo saioan erakusten da, hain zuzen, estatu moderno guztiak bizi direla mitoetatik".
Herri zapalduek "autogorrotorako izan duten joera" jaso du liburuan Azurmendik, multikulturalismoaz, mestizajeaz, globalizazioaz eta unibertsaltasunaz ari denean, négritude mugimenduaren historiatik gaurko egunetaraino etorrita.