"Eguneroko gauza txikiak" ardatz ditu Gariren azkenak. Izan ere, "foku handien glamourrak aspertuta", egunerokotasunari heldu nahi dio musikariak oraingoan. Irmoki azaldu du nostalgia zantzurik ez duela lanak, eta kantuak sortu ahala osatuz joan dela diskoaren haria.
Autoekoitziriko lana bada ere, elkarlanean aritu da musikaria han-hemengo zenbait artistarekin, eta Jon Benito, Juan Luis Zabala eta Igor Elortzaren hitzekin sortu ditu doinuak. Hartu-emanaren emaitza da diskoaren kanturik bereziena; Mercedes Sosa abeslari argentinarraren Pequeñas Cosas abestiaren egokitzapena, kantutegiaren izenburuari zor. ‘Kasualitatez’ egin zuela topo kantarekin dio Garik, baina diskoarekin ildoarekin guztiz bat dator.
Estudioko lana da Beste denbora batean, El Tigre eta Tio Pete estudioetan grabatua. Gizon “triste” gisa definitzen du bere burua Garik, baina aitortu du zertzelada ‘alaiak’ dituela lanak. Abeslariak aitortu du Jon Arrizabalagak erantsi diola ukitu alai hori; izan ere, We Are Standar taldeko kidearen laguntza izan du grabaketa prozesuan Garik.
Goizean aurkeztu du diskoa, eta iragarri du zuzeneko emanaldia egingo duela 20:00etan, Bilboko Arte Ederren Museoan. Orotara, 120 lagunentzako tokia egongo da.