Bertsolaritza

'Buruz buru' izeneko proiektua jarri du martxan Lankuk

Kultur adierazpide desberdinetako zazpi sortzaile eta zazpi bertsolari elkarrekin solasean jarri dituzte, bikoteka. Batak abiapuntua jarri, eta besteak hitz lauz erantzun dio solaskidearen proposamenari. Zazpi liburuxkaz osatutako kutxa bat da emaitza.

Proiektuan parte hartu duten hainbat lagun, Donostian, aurkezpenean. JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2018ko azaroaren 29a
13:26
Entzun

Batek puntua jarri, eta besteak erantzun. Hala laburbildu daiteke Lankuk abiatu duen Buruz buru izeneko proiektuaren mamia. Hainbat kultur adierazpidetako zazpi lagun jardun dira abiapuntuak, galderak edo gogoetarako gaiak jartzen, nork bere bikotekideari. Eta zazpi bertsolarik hartu dute norberari proposatutako galdera erantzuteko ardura. Baina ez dute beren ohiko moldean erantzun, baizik eta hitz lauz idatziz. Ariketaren emaitza zazpi liburuxkatan eman dute argitara, denak kutxa batean bilduak. Malen Amenabar ilustratzaileak ondu du diseinu osoa.

Joseba Sarrionandiak, Uxue Alberdik, Gorka Urbizuk, Nerea Ibarzabalek, Ruper Ordorikak, Onintza Enbeitak, Eneko Sagardoik, Danele Sarriugartek, Igor Elortzak, Andoni Egañak, Ilaski Serranok, Julio Sotok, Maite Berriozabalek eta Manex Agirre parte hartu dute proiektuan. Askotariko gaiak izan dituzte hizpide sortzaileek beren solasaldietan. Eta horiek hartu duten forma ere ez da beti bera izan: zazpi idazlanetatik hiru ipuinak dira, eta lau saiakera laburrak.

Plazaratutako kutxa lehena izan bada ere, proiektuari jarraipena emateko gogoa agertu dute bai parte hartzaileek bai Lankuko kideek ere, beraz, litekeena da etorkizunean segida izatea. Kutxa Durangoko Azokan eskuratzeko aukera izango da, Lanku eta Bertsozale Elkartearen standean. www.lanku.eus atarian ere izango da eskuragarri, baita ohiko liburu dendetan ere. 

[youtube]https://youtu.be/eA4PeF_S77A[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.