Donostiako 66. Zinemaldia

'Dantza' iritsi da Zinemaldira

Telmo Esnalek euskal dantzen inguruan egin duen filma aurkeztu du Sail Ofizialean, lehiatik kanpo.

Filmaren lan taldea, aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
mikel lizarralde
2018ko irailaren 24a
12:54
Entzun

Zinemagilea ez ezik dantzaria ere izanda, Telmo Esnalek (Zarautz, 1967) urteak zeramatzan euskal dantzen eta haien sinbologien gaineko filma egiteko ideiarekin, eta, azkeneko hiruzpalau urteetan, Koldobika Jauregi artistaren eta Juan Antonio Urbeltz folkloristaren laguntzarekin osatu du Dantza. Atzo eman zuten aurrenekoz eta arrakasta handiarekin filma Donostiako Zinemaldian, eta gaur eguerdian prentsaren aurrean azaldu dira Esnal, Jauregi eta Esnal, eta haien ondoan Marian Fernandez ekoizlea eta Gari Otamendi, Amaia Irigoien eta Ainara Ranera dantzariak.

"Urteak neramatzan pentsatzen dantzaren munduarekin zerbait egin behar genuela", aitortu du Esnalek bera. Ideia horretatik abiatuta, Jauregirekin lanean hasi, eta Urbeltzekin harremanetan jarri ziren, "dantzen atzean dagoen sinbologia" ezagutu nahian. "Ikusi genuen oso interesgarriak ziren hipotesi batzuk aurkezten zituela". Hortik abiatuta, Jauregi eta Esnal filma irudikatuz joan ziren, eta, artistak aitortu duenez, filmaren kromatismoa eta jantziak "pentsatzeko eta birpentsatzeko" denbora izan zuten, hasieran ez zutelako "euro bat bera ere" proiektua aurrera ateratzeko.

Dantzariek egindako lanaren aitorpen sentitua egin du Esnalek, eta, "aktore direla jakin gabe ere", aktore direla adierazi. "Ez agian aktoreak, baina bai interpreteak". Filmaketa haientzat gogorra izan dela gaineratu du. "Normalean ordu eta erdiz egiten dute dantza. Entseguetan eta emanaldietan. Guk egun batzuetan hamar orduz izan ditugu dantzan. Errepikatu eta errepikatu". Horri lotuta, begiradarekin sentimenduak transmititzearen zailtasuna nabarmendu du Ranerak. "Ni administraria naiz; ez aktorea!". Otamendik eta Irigoienek, berriz, esan dute esperientzia ezberdina izan dela, baina eroso sentitu direla dantzatzen zuten bitartean. "Plano gertukoetan pixka bat urduritu arren", gehitu du Irigoienek.

Zinemaldian Dantza ikusteko beste lau aukera izango da datozen egunetan. Gaur Viktoria Eugenian emango dute (22:15), Bihar Principe aretoetan (20:30), asteazkenean Principen (16:00), eta azkenik, larunbatean, Antiguo Berrin (18:30).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.