Pasa den ostiralean abiatu zen Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren XXII. aldia, eta astebete igarota, gaur iragarri dituzte jaialdiko sari nagusiak. Fiona O'Shaughnessy eta Laurence R. Harvey antzezleek eta Jose Maria Clemente kazetariak osatutako epaimahaiak ebatzi duenez, Valentin J. Diment zuzendari argentinarraren El eslabón podrido filmarentzat izango da FANT 2016 saria. Epaileek "ehundura asko dituen landa guneko fabula" hori aukeratu dute sarirako, eta nabarmendu dute "antzezpen zorrotzek eta zuzendariak bat-batean tonu batetik erabat desberdina eta zitala den beste tonu batera" igarotzeko gaitasunak "esperientzia ahaztezina" bihurtzuen duela film argntinarra. Errealismo magikoa eta mendeku istorioa eskutik doazen lana da Dimentena.
Film laburren atalean, Carolina Markowiczen eta Fernanda Salloumen brasildarren Edificio Tatuapé Mahal lanarentzat izango da film labur onenaren saria. Epaimahaiak "umeena dirudien xumetasuna" nabarmendu du. Animazioa eta fikzioa nahasten ditu film saridunak, eta plastilinaz egindako pertsonaiak aurkezten ditu.
George Todriaren Lost Village lanak irabazi du euskal film labur onenaren saria. Epaileen arabera, "ikus-entzulea, emozioak astintzen dituen ondorio suntsitzailea sortzeko nahita egituratutako bere premisan sartzen duen zineko poema" da Lost Village.
Hiru sari nagusi horiekin batera, gainerako sarien berri ere eman du jaialdiko epaimahaiak. Gaur egingo dute sari banaketa, 20:00etatik aurrera, Bilboko Kale Nagusiko BBK aretoan. Fantrobia saria jasoko duen Can Evrenol zinegile turkiarraren Baskin lana emango dute ekitaldian.
Sari guztiak:
FANT 2016 Saria:El eslabón podrido. Valentin J. Diment (Argentina).
Film labur onenaren saria:Edificio Tatuapé Mahal. Carolina Markowicz eta Fernanda Salloum (Brasil)
Euskal film labur onenaren saria:Lost Village. George Todria (Euskal Herria)
Film labur onenaren ikus-entzuleen saria:Apolo 81. Oscar Bernacer (Espainia)
Sekzio ofizialeko gidoi onenaren saria:Lovemilla. Teemu Nikki (Finlandia)
Sekzio ofizialeko zuzendaritza berritzaileenaren saria:High Rise. Ben Wheatley (Erresuma Batua).
Fantrobia 2016 saria: Can Evrenol zuzendaria (Turkia).
Panorama sekzioko film luze onenaren saria:L'altra frontera. Andre Cruz (Espainia/Lituania).
Panorama sekzioko film labur onenaren saria: Madre de dios. Gigi Saul Guerrero (Kanada).
Phone fantastikoa sekzioko film labur onenaren saria:Latas. Aritz E (Euskal Herria).