Lezoko Gezala aretoan (Gipuzkoa) egin zuten joan zen astean Euskaldunon Goya erreportajearen aurre-estreinaldia. Han izan ziren Luis Goiaren hainbat senide eta lagun. Hemendik aurrera, berriz, BERRIAren webgunean izango da ikusgai.
Atzo bete ziren hamar urte Goia hil zela, eta urteurren horren harira prestatu dute erreportajea BERRIAko Urtzi Urkizu kazetariak eta Lara Madinabeitia bideogileak.
Juanba Berasategi zuzendariaren eskutik hasi zen Goia zinema munduan. Berasategi animazioko zinema garatu eta kanpoko menpekotasunik gabe Euskal Herrian errotzeko lanean zebilen, eta Jaizkibel ekoiztetxean bildu zituen horretarako indarrak. 1979an, ordea, ahulak ziren oraindik egitasmoaren zimenduak. Horregatik eskertu zuen Goiaren laguntza, Fernando Amezketarra filmari ekiterakoan. Hala azaldu du Berasategik orduko egoera BERRIAk egindako erreportajean: «Momentu horretan denetarik behar genuen, eta ez genuen batere dirurik. Adibidez, mahaiak egin behar genituen marrazkilarientzat. Diru pixka bat genuen egurra erosteko, baina egiteko ez. Luis [Goia] ni baino trebeagoa zen lan horietan, eta horrela hasi ginen». Errenteriako Paisa fabrikan (Gipuzkoa) zebilen orduan lanean Goia, orduko langile borroketan konprometitua bide batez, baina enpresa bolada txarrean zegoen nonbait, eta, Berasategik dioenez, «abentura berri bat» ari zen bilatzen Lezoko gaztea. Eta zinemak eskaini zion heldulekua, lana utzi eta abentura berrian abiatzeko.
Kalabaza tripontzia izan zuen hurrengo geralekua, 1985ean. Erronka tamaina handikoa zen: euskarazko animazioan mugarria izango zen Berasategiren filma, lehen film luzea izango zelako. Erronkari, edonola, ongi erantzun zion lantaldeak, eta bide horretan «estrategikoa» izan zen Goiaren lana, Berasategik dioenez. Hortik gutxira, 1988an, ekoizteaz gain, animazioko film bat ere zuzendu zuen Goiak, Bernardo Atxagaren ipuin batean oinarrituta: Lau astakiloren abenturak eta kalenturak.
Zinemaren munduan murgilduta, Trenbideko Filmak ekoiztetxea jarri zuen martxan Koldo Izagirrerekin batera, eta animazioko filmetatik hezur-haragizko produkzioetara egin zuen salto. Ez nolanahi, gainera: 1989an, Antxon Ezeizak zuzendutako Ke arteko egunak ekoitzi zuen, Koldo Izagirreren gidoiarekin. Filma Donostiako Zinemaldian izan zen, eta euskarazko elkarrizketak zituen lehen filma izan zen Sail Ofizialeko lehian. Ez zuen irabazi Urrezko Maskorra, baina Donostia saria eskuratu zuen.
Koldo Izagirrek 1992an egin zuen zinema zuzendaritzan estreinaldia, Offeko maitasuna filmean, gidoia egiteaz gain, pelikula zuzenduta, eta Luis Goiak egin zituen ekoizle lanak. Extremadurako (Espainia) instituzioen laguntzen faltan —han grabatu zen filmaren zati bat—, kreditua eskatu behar izan zuten filmaren egileek, baina ezin izan zituzten gerora zorrak kitatu, eta enpresak hondoa jo zuen.
Goiak, ordea, filmak ekoizteko lanari eutsi zion, proiektuak bultzatuz, oztopoen gainetik. 1999an ekoitzitako Ione, igo zerura Joseba Salegiren filmaren harira ETBn egindako elkarrizketa batean, argi adierazi zuen ekoizlearen figurari buruzko iritzia, ohiko moldeetatik urrun: «Euskal Herrian ekoizlea izatea jende batengan eta proiektu batengan sinestea da, eta horren atzetik joatea gauzak bilatzen. Ez dut ezagutzen oraindik Euskal Herrian ekoizle bat dirua daukana, eta enkarguz esaten duena: 'Halako pelikula bat egin behar dugu».
Herrigintzan engaiatua
Zinema mundutik harago, gizarte eta herrigintza lanetan jardun zuen Luis Goiak, etengabe. 1990ean Euskaldunon Egunkaria-ren sorreran parte hartu zuen, lehenago Egin egunkariaren sorreran egin bezala. Euskarazko kazeta bultzatzeko dirua biltzeko kanpainetan aritu zen, eta, Koldo Izagirrerekin batera, telebistan emititzeko iragarkiak prestatu zituen.
2003ko otsailaren 20an, Espainiako Auzitegi Nazionalak Guardia Zibila bidali zuen Egunkaria ixtera, eta hamar pertsona ere atxilotu zituen, Goia barne. Atxilotu gehienek tortura latzak salatu zituzten askatasuna berreskuratzerakoan.
Pablo Malo Donostiako zinemagilearen Frío sol de invierno filmaren prestaketa lanetan zebilela atxilotu zuten Goia. Egitasmoak, ordea, aurrera jarraitu zuen, eta zuzendari berri onenaren Goya saria ekarri zion Malori, 2005ean. 2006an berriro elkartu ziren Malo eta Goia, zuzendaria eta ekoizlea, La sombra de nadie filma ontzeko. Urte horretako irailaren 15aren bueltan ikusi zuen Goiak film bukatua, eta baita onespena eman ere. Egun gutxitara, ordea, bihotzekoa izan zuen, eta handik gutxira hil zen.
«Zinema egitea abentura gogorra da», Juanba Berastegiren iritziz, eta horregatik uste du Luis Goia «abenturazalea» izan zela. Bokazioz heldu zion zinema munduari, eta eutsi zion denboran, oztopoak oztopo. Zorigaitzeko bihotzeko hark eten zuen abentura hori.