"Ia dena dakigu Lucio pertsonaiari buruz, baina gutxi dakigu zer-nolako pertsona den". Hala laburbildu du Mikel Santos Belatz-ek Urtubiaren inguruan egindako eleberri grafikoaren nondik norakoa. Bi urtez aritu da komikia ontzen; gidoia egiten lehenik, eta marrazkiak osatzen ondoren. "Urtubiaren biograforik onena bilakatu da", azpimarratu du Mikel Soto Txalapartako editoreak. Izan ere, ordu luzeak pasatu ditu ekintzailearekin hizketan, eta, haren istorioak ez ezik, sentimenduak eta barne mundua ere azaleratu nahi izan ditu Belatzekliburuan.
Liburuak, dokumentalak, filmak... askotariko formatuetan bildu izan da Urtubiaren bizitza, baina ekintzaileak berak bota zuen komikia egiteko proposamena: "Durangoko Azokara etorri zen bere biografiaren aurkezpenera, eta ikusi zuen bagenituela zenbait komiki. Berak ere halako euskarri batean gustura irakurriko zuela azaldu zuen", nabarmendu du Sotok. Handik gutxira proposatu zioten Belatzi liburua osatzeko, eta, komikigileak azaldu duenez, orain arte kontatu gabeak ere bildu ditu eleberrian: "Egin zuena baino gehiago, haren bizitza jasotzea izan da helburua".