Pablo Picassoren Gernika margolanean murgildu zen Jose Ramon Amondarain margolari donostiarra orain dela bost urte. Obra eta bere sortze prozesua sakon ikertu zituen, eta, Dora Maar artistak sorkuntza prozesuan ateratako argazkiak oinarri, zortzi oihal handi ondu zituen. Ikerlanaren emaitza Gasteizko Artium museoan aurkeztu zuen 2012an, Denbora eta premia(Gernika) erakusketan. Orain, proiektu haren jarraipen gisa, Espazioaren barrea (Gernika) erakusketa prestatu du; Donostiako San Telmo museoan izango da ikusgai, bihartik aurrera.
Ezin batetik abiatu du proiektu berria; hain zuzen ere, Artiumen ikusgai izan ziren lan haiek gaur egun erakusteko ezintasunetik. Izan ere, Picassoren oineordekoek haren lanaren kopiatzat dute Amondarainen ikerketaren emaitza, eta, gaur egun, zortzi oihal haiek ezin dira erakutsi. Eragozpen horretatik abiatuta, artearen jardunari, sortze prozesuei eta irudiaren erabilerari buruzko gogoeta bat proposatzen du artistak erakusketa berrian. Artiumen erakutsitako lan haiek Donostiara ekarri dituzte, baina egurrezko kaxa handi batzuetan gordeta ageri dira sarreran.
Aretoan aurrera egin ahala, artistak ondutako mila objektutik gora daude ikusgai; marrazki, eskultura eta argazkiekin batera, lau margolan handik —handiena hamabost metro luze da— aldez alde hartzen dute espazioa, denen artean Gernika-ren beste berrirakurketa bat osatzeko.
Espazioaren barrea (Gernika) erakusketa heldu den urteko otsailaren 25era bitarte egongo da ikusgai.