Montoiaren mundu miresgarria (2011) diskoa kaleratu eta sei urtera argitaratu du Xabier Montoiak (Gasteiz, 1955) Gorraizea, bere bakarkako ibilbideko seigarren lana (Gaztelupeko Hotsak). Azkenaurreko hura bezala, Ibon Rodriguezekin sortu eta grabatu du diskoa Montoiak, eta abeslariak iraganean jorratutako molde elektriko nahiz elektronikoetatik ihes egiten du. Horien ordez, hari laukote batek –Itziar Lertxundi, Monika Peino, Leire Pilkabea eta Xabier Zeberio— jantzi ditu Montoiak eta Rodriguezek idatzitako kantuak. "Hasiera batean, orkestra batekin grabatzearekin egiten genuen amets", adierazi du Montoiak gaur Donostian egindako aurkezpenean. Gero, baina, ikusi zuten hori ezinezkoa zitzaiela, eta formazio txikiago batekin grabatu zuten lana Beasaingo Pottoko estudioan (Gipuzkoa), udan.
Elementu asko kendu eta soiltasunera jo duen arren, diskoaren atzean "sekulako lana" dagoela aitortu du Montoiak. "Kantu biluziak dira, bai, baina konponketak ez dira hain sinpleak. Kantuetan ematen duena baino gehiago dago".
Hitzetan, bere betiko "obsesioak" agertzen dira, eta baita "pare bat berriagoak ere". Eta, gainera, aurrenekoz kantu bat (Réau) lagun bati, Mikel Antzari, eskaini dio: "Inoiz ez dut halakorik egin, baina hau zen momentua".
Badok atarian dago entzungai Eskuragaitza kantua.