Kinielek ez dute beti asmatzen, eta hala gertatu da bart gauean ere AEBetako Oscar sarietan. Alfonso Cuaron mexikarraren Roma zen filmik onenaren saria eskuratzeko faboritoa, baina Peter Farrelly zuzendariaren Green Book lanak hartu dio aurrea. Baina mexikarra ez da esku hutsik itzuli etxera, harentzat izan baitira zuzendaririk onenaren, irudirik onenaren eta ingelesez besteko filmik onenaren sariak.
Lau Oscar sari eskuratu ditu Freddie Mercuryren bizitzan oinarritutako Bohemian Rhapsody lanak, zeinak 860 milioi dolar bilduak baititu jada mundu osoan. Harentzat izan dira muntaketarik onenaren, soinu muntatzerik onenaren, soinu nahasketarik onenaren, soinu ediziorik onenaren eta gizonezko aktorerik onenaren sariak; Rami Malekek jaso du hori. Emakumezko aktorerik onenaren saria, berriz, Olivia Colmanek jaso du, The Favourite filmarengatik.
Lehen aldi ugari ere izan dira bart Hollywoodeko sari banaketa nagusian. Esaterako, Hannah Bleacher izan da produkzio diseinurik onenaren saria jaso duen lehen emakumezko beltza, Black Panther filmean egindako lanarengatik. Animaziozko filmik onenaren saria, berriz, zuzendari beltz batek, Peter Ramseyk, jaso du lehenengoz, Spiderman: Into the Spider-Verse filmagatik.
Lehenengoz, halaber, Oscar sari bat eskuratu du Spike Lee zuzendariak, gidoi egokiturik onenaren atalean BlacKkKlansman filmagatik. Hain zuzen ere, bera izan zen sari banaketari kutsu politikoa eman ziotenetako bat, gogorarazi baitzuen 2020an egingo direla presidentetzarako bozak AEBetan eta badela garaia mugitzen hasteko: "Joka dezagun zuzen".