Urriaren 20an estreinatuko dute filma zinema aretoetan, baina, horren aurretik, Urrezko eta Zilarrezko Maskorretarako lehian izango da filma. Altzoko Handiaren istorioan oinarrituta dago, eta Eneko Sagardoi du protagonista nagusia. Harekin batera ageri dira filmean Joseba Usabiaga, Ramon Agirre, Aia Kruse, Iñigo Aranburu eta Iñigo Azpitarte.
Orain dela hiru urte Donostiako Zinemaldian estreinatutako Loreak bezala, Handia Moriarti eta Irusoin etxeek ekoitzi dute.
Juan Garaño y Aitor Arregi #65SSIFF#photocall#CineEspañol65#Handiapic.twitter.com/Xklph2fdMd
— Festival S.Sebastián (@sansebastianfes) 2017(e)ko uztailak 28
Aitor Arregi zuzendariak gaur Euskadi Irratiari adierazi dionez, Donostiako Zinemaldia "jaialdi indartsua" da, eta baloratu beharra dago azkeneko lau urteetan euskarazko hiru film Sail Ofizialean aurkeztu izana —Asier Altunaren Amama izan zen 2015ean—. Egileak pozik daude emaitzarekin, baina baita jendeari erakusteko irrikan ere. "Guk askotan ikusi dugu, eta bada ordua jendeari erakusteko".
Orain dela hiru urte, Loreak aurkeztu zuten zinemaldian, eta, saririk irabazi ez bazuen ere, "indartuta" atera zen handik. Orain ere hala izatea nahiko lukete egileek, Arregik adierazi duenez.
Handia-rekin batera, Sail Ofizialean izango diren beste bi film iragarri ditu gaur Donostiako Zinemaldiak: Manuel Martin Cuencaren El autor eta Antonio Mendez Esparzaren Life and Nothing More. Martin Cuencak zinemaldian bertan aurkeztu zuen bere azken aurreko lana, Canibal, 2013. urtean.
Almandoz, Zabaltegi Tabakaleran
Sail Ofizialetik kanpoko hainbat film ere iragarri dituzte gaur goizean, eta tartean da Koldo Almandozen Plágan (Izurria) film laburra. Zabaltegi-Tabakalera sailean emango dute.
Borja Kobeagaren Fe de etarras filma, berriz, Belodromoan emango dute, eta han izango da, era berean, Operación Concha, Antoni Cuadrik zuzendu eta euskal ekoizpena (Abra produkzioak) duen pelikula.