Zinema

'Helmut Lachenmann: My Way' lana saritu dute Dock of the Bay zinemaldian

Aipamen berezi bat egin diote elektronika musikari buruzko The Sound Is Innocent dokumentalari. Laburrik onenaren saria, berriz, Os corpos-ek irabazi du, Galiziako inauterietan girotutako film batek.

'Helmur Lachenmann: My Way' dokumentaleko irudi bat. DOCK OF THE BAY
Andoni Imaz.
2021eko ekainaren 12a
20:55
Entzun

Helmut Lachenmann konpositore alemaniarrari buruzko dokumental batek ireki zuen Dock of the Bay Musika Zinema Dokumentalaren Donostiako Jaialdiaren aurtengo edizioa: Helmut Lachenmann: My Way-k. Lachenmannek musika konkretu instrumentala izeneko estilo berezi bat garatu du azken mende erdian. Wiebke Popelek zuzendutako filma kontakizun pertsonal bat da, musikagilearen nortasunean sakontzen duen lan bat. Maialen Belokik, Niño de Elchek eta Lois Patiñok osatutako epaimahaiak hari eman diote Sail Ofizialeko sari nagusia.

Saria eman diote «musikagile erradikal bat ikuslearengana eramateagatik, musika konkretuaren konposizioaren garrantzi historikoaz jabetuz eta erretratu hurbil eta humanista bat sortuz», epaimahaikideen hitzetan.

Bestalde, aipamen berezi bat egin diote Johana Ozvolden The Sound Is Innocent lanari, «elektronikak entzuteko moduak eraldatzen nola lagundu duen hausnartzeagatik eta forma zinematografiko bereziak esploratzeko duen borondateagatik».

Ikusleek, berriz, Poly Styrene: I Am a Cliché dokumentala nabarmendu dute beste guztien gainetik. Styrene punk ikono bat izan zen, X Ray Spex taldeko burua. Haren alabak egindako bidaia bat kontatzen du filmak. Celeste Bell da zuzendaria.

Film laburren Sail Ofizialean, Esther Caberok, Xabier Erkiziak eta Marina Lameirok osatutako epaimahaiak Eloy Dominguez Serenen Os corpos saritu dute. Haientzat, «entzumenaren genealogia» erakusten du lanak: «Zarata da gure kultur tradiziorik zaharrena». Pelikularen abiapuntua «Galiziako inauteriaren behaketa eta entzuketa» dira, eta ikuslea bultzatzen du «egutegirik gabeko festa batean eta denborarik gabeko zarata batean murgiltzera», esan dutenez.

Laburren sailean, ikusleen saria Entre el monte y la marisma filmari eman diote. Niete izena du haren zuzendariak. Rafael de la Rosa Camarón de Plata eta Juan Mendoza Juanillo lagunen arteko harremana kontatzen du lan horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.