Hiru gizonezko heldu Kanadako basoetan bizi dira, gizarte zibiletik ezkutatuak. Bakoitzak bere arrazoiak dituela, ihes egin zuten bere garaian hirietatik, eta aintzira baten inguruan eraikitako etxoletan dute bizilekua. Steve, handik gertu dagoen hotel bakarti bat eramaten duen gaztea, dute zibilizazioarekiko lotura bakarra. Une batean, ordea, hiru gizonezkoetako bat, Ted, hil egingo da, eta, horrekin batera, bi emakume azalduko zaizkie egunerokoa astintzera. Bat, Raf, argazkilaria da, eta lan bat egiten ari da baso haietan iraganean izandako suteen inguruan. Bestea, Marie-Desniege, Steveren izeba da, eta bizitza osoa egin du erresidentzia batean.
Hortik abiatuta, Louis Archambaultek samurtasun handiko drama ondo du, pertsonaien nahi, desira eta harremanetan sakontzen duena.
Zinemagilearen hirugarren film luzea da, Familia (2005) eta Gabrielle-ren (2013) ondoren
Kursaaleko auditoriumean eman dute gaur goizean filma, eta harrera oso ona izan du.
Beste bi film estreinatuko dituzte, gaur, Sail Ofizialean. 12:00etan Pacificado emango dute, Paxton Winters zinemagileak Brasilgo Olinpiar Jokoen garaian kokatu duen lana. Nerabe baten eta espetxetik atera berri den trafikatzaile baten arteko adiskidetasuna kontatzen du pelikulak, Poliziak favelen gainean kontrol zorrotza ezartzen duten bitartean.
Eguneko bigarren filma (16:00) Jose Luis Torres LeivarenVendrá la muerte y tendrá tus ojos da. Bi emakumez osatutako bikote batek bikotekideetako baten gaixotasunari aurre egin beharko dio.