Musika Hamabostaldiak 1992an hartu zuen aurrenekoz Italiarra Aljerren opera, Viktoria Eugenian. Pier Luigi Pizzik zuzendu zuen orduko hartan, eta sortu zuen saltsa, bezperan operako taldea alde egitekotan egon baitzen. Ez zen hala gertatu azkenean, eta arrakasta handiz egin zuen aurrera emanaldiak. Konpositore italiarraren jaiotzatik 200 urte betetzen ziren orduan, eta aurten haren heriotzaren 150. urtemuga hartuko du gogoan Hamabostaldiak operarekin.
1940ko urteetan Aljeriako kostan dabilen Isabella emakume italiarraren istorioa kontatzen du obrak. Angelo Anelliren libretoak kontatzen duenez, preso dagoen Lindoro, bere gizongaia, handika ateratzera joango da Isabella Aljeriara. Mustafa izeneko gizon boteretsu batek du preso, zeina bere emazte Elvirarekin "nekatuta" dagoen. Hartara, Lindoro askatzen ahalegindu bitartean, Mustafa eta Elviraren arteko harremana bideratzen ere saiatuko da Isabella. Mariana Pizzolano mezzosopranoak abestuko du pertsonai nagusiaren lekutik. "Isabella indar handiko emakumea da, oso argia. Lurrari lotutako emakumea", azaldu du, gaur goizean Donostian egin duten agerraldian. Santiago Ballerini tenorrak hartuko du Lindororen pertsonaia, Arantza Ezenarro sopranoak Elvirarena eta Nahuel di Pierro baxuak Mustafarena.
Joan Anton Rechik zuzendu du eszenaratzea; 2011n Sevillako bizargina operaren ekoizpena zuzendu zuen Hamabostaldian. Obraren bizitasuna nabarmendu du hark, eta obrak barnebiltzen duen "bizi-gogoa" transmititzen saiatuko dela aipatu du.
Musikan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Easo abesbatzak hartuko dute parte, eta Paolo Arrivabenik zuzenduko du. Musika eta libretoak gutxitan ez bezala egiten dutela bat azpimarratu du Arrivabenik.