Regina ama ezkongabea da, eta seme-alabekin bizi da Floridako hiri batean. Andrewk, 14 urterekin, arazoak izan ditu justiziarekin, eta ama behin eta berriro saiatuko da hura arazoetatik salbu mantentzen, 3 urteko alaba txikia ere zaintzen duen bitartean. Bitartean, Andrewren aita espetxean dago, eta gutunak idazten dizkio semeari, ikasketekin segitzeko eta ardurak hartzeko eskatuz. Andrewrentzat, ordea, zaila izango da amarekiko harremana zaintzea, eta tentsioz beterikoa izango da amaren lagun berriarekin izango duen hartu-emana ere.
Antonio Mendez Esparzak familia afroamerikar desegituratu baten inguruko kronika egin du Life and nothing more bere bigarren film luzean. Gaur goizean aurkeztu du filma Sail Ofizialean, lehiaketan, eta gauean berriro emango dute, 22:00etan, Kursaalean.
Gaur beste film bat lehiatuko da Sail Ofizialean, James Franco aktore eta zinemagile estatubatuarrak zuzendutako The Disaster Artist. Tommy Wiseau zinema zuzendariak The Room kultuzko filma -"film txarren Citizen Kane"- nola errodatu zuen kontatzen du pelikulak.