Kazetaritzan urte askoan aritua da Pako Aristi, eta nobelagintzan nahiz ipuingintzan ere hainbat lan argitaratutakoa da. Poesia ere ez du inoiz arrotza izan, eta seigarren poema liburua plazaratu du orain, Maitatu zure egunak (Erein). Bertan jaso dituen poemak osatzeko "narratzailearen aurka borrokan" aritu dela azaldu du liburuaren aurkezpenean. Izan ere, haren ustez, "hirugarren dimentsio bat" da poesiarena, gertakarien eta haien interpretazioen arteko gatazketatik albo batera dagoena. "Poesia hirugarren pauso bat da: gerla horretaz landa, hizkuntza berri bat dakar, arketipoak sortzen ditu, erreferente ezberdinak, paradigmak, gauzak esateko beste modu bat, deigarria dena, iradokitzailea, eta, batez ere, sintesia praktikatzen duena". Ideia horri jarraiki idatzi ditu liburuko poemak.
Askotariko gaiak hartu ditu hizpide testuetan, baina, batez ere, bost gai nagusi agertzen direla azaldu du: egunero mundura esnatzeak eragiten dion harridura; gizartearen eta norbanakoaren arteko tentsioa; zahartzaroa nola bizi; egiaren eta ipuinen arteko aldea; eta ego-ak azken urteotan izan duen "inflazioa".