Diskoaren lehen abestia apirilean grabatu zuten, eta hark eman dio izenburua lanari. Xabi Solano taldekidearen aburuz bertan biltzen baita lanaren muina: “Norberak ni izan behar du eta aske izan behar du”. Ideia horri tiraka sortu zuten lan berriaren bigarren abestia ere, transgeneroa ardatz hartuta. Gaur egin dute diskoaren aurkezpena, Bilboko Kafe Antzokian.
Mark Dasousa ekoizle valentziarrarekin ondu dute lana, eta sorkuntza prozesuan ekoizlearen lana gako izan dela aitortu du Solanok. “Sarritan galdetzen genion gure buruari zazpigarren lanean zer egin edo zer erakutsi nahi genuen. Oso zaila da. Esne Beltzak estilo asko jorratu ditu eta nondik jo ez genekiela genbiltzan hasieran”. Urte osoa eskaini diote disko berriari, horregatik. “Ideiak atera ahala konturatu ginen produktore baten lana beharrezkoa zela”.
Emaitza: Esne Beltzaren lanik elektronikoena. Taldeaz gaindiko musikari askorekin ibili dira elkarlanean zazpigarrenean: Olatz Salvador abeslaria eta 4 pesos de propina talde uruguaitarra, tartean. RIP taldean kanta baten bertsioa ere osatu dute, taldeko bateria jolea zen Txerra Bolinaga eta Tremenda Jauria talde madrildarrarekin batera.
Astebete barru eskainiko dute lehen kontzertua, Durangoko Plateruenan, baina aurkezpen biraren kontzertuak ez dituzte oraindik iragarri.