Belen Funesek atzo Donostiako 67. Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztutako La hija del ladrón-ek bezala, prekarietateari eta guraso gabe bizitzeari aurre egin behar dion neska gazte bat du protagonista Rocks, Sarah Gavronek gaur Sail Ofizialean aurkeztu duen filmak. Rocks nerabe bat, neba gaztearekin eta amarekin bizi dena Londresko langile auzo batean. Lagunartean ondo moldatzen da eskolan, eta etorkizunerako asmoak ere baditu. Amak, ordea, alde egingo du etxetik, eta Rocksek aurrera egiteko moduak bilatu beharko ditu, gizarte zerbitzuetako langileak gainean dituela.
Sarah Gavron (Ingalaterra, 1970) Brick Lane (2007) filmarekin egin zen ezagun, eta orain dela lau urte, Suffragette zuzendu zuen, mugimendu sufragistari buruzko lana.
Rocks izan da Sail Ofizialeko lehiaketan aurkeztu duten azkeneko filma, eta beraz, Neil Jordan buru duen epaimahaiaren erabakiaren zain gelditzen da palmaresa.
Bihar Sail Ofizialean baina lehiaz kanpo emango dute Diecisiete, Daniel Sanchez Arevalo zinemagile espainiarraren azken filma.