Ekainaren 18an emango du Kukai dantza konpainiak Topaguneak dantza ikuskizuna, Txillida-Lekuko eskultura eta zelaien artean. Arratsaldeko 19:30ean hasiko da, eta Zabalago Topaketak 2016 egitarauaren barne kokatzen da, Donostia Europako Kultur Hiriburua dela ospatzeko ekitaldien barruan.
"Kukairentzat berezia da". Hala aitortu du Jon Maia dantza konpainiaren zuzendariak Txillida-Lekun dantzatzeak zer esan nahi duen galdetuta. "Gure ibilbideko momentu polit batzuk hemen bizi izan ditugu". Izan ere, udako solstizioa ospatzeko ekitaldietan izan dira bitan, Maiak "gau magikoak" deitu izan dituenetan, eta aurten bertan parte hartzeko deia jaso zutenean "ilusio berezia" egin ziela adierazi du Txillida-Lekun bertan gaur egindako agerraldian.
Oskara ikuskizuna estreinatu zuen Kukaik urtarrilaren amaieran, Marcos Morau koreografoarekin landutako lana, eta haren nolabaiteko jarraipena izango da Topaguneak. Han parte hartu zuten bost dantzariak ariko dira (Alain Maia, Eneko Gil, Ibon Huarte, Martxel Rodriguez eta Urko Mitxelena), eta haiekin batera Erramun Martikorena ariko da kantari. Era berean, kolaborazio bereziak ere izango dituzte: Zubietako joaldunak, Joxan Goikoetxea soinu jotzailea eta Hernaniko Txalaparta Eskola.
Ikuskizuna baserri kanpoaldean hasiko da, eta beste sei-zazpi geldialdi egingo ditu Zabalago beste horrenbeste eskultura-guneetan. 1.000 sarrera jarriko dituzte salgai.