Yeon Sang-ho korearrak zuzendutako Train to Busan 2 (2020) filmak emango dio hasiera, urriaren 30ean, Donostiako 31. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteari. Train to Busan (2016) filmaren bigarren partea da aurtengo hau –lehena ere Yeon Sang-hok zuzendua da–, eta Hego Korean estreinatu dute uda honetan, eta arrakasta handia izan du.
Train to Busan-en lehenengo partean kontatutako gertakarien ondorengo lau urteetan garatzen da aurtengo pelikularen ekintza. Izurria hedatu egin da, eta herrialde osoa utzi du suntsituta. Orain, zeharo erraustua dago, eta kontrola galdutako zonbi gosetiek hartua, penintsularen jabe egin baitira. Epidemiaren hasieran, soldadu ohi batek eremu kutsatutik ihes egitea lortu zuen, eta hara itzuli beharrean izango da orain.
Beldurrezko astearen antolatzaileek gaur eman dute aurtengo ekitaldian emango dituzten beste film batzuen berri ere. Honako hauek dira: Benny Loves You (Karl Holt, Erresuma Batua), Meandre (Mathieu Turi, Frantzia), La Nuée (Just Philippot, Frantzia), PG: Psycho Goreman (Steven Kostansky, Kanada), Sea Fever (Neasa Hardiman, Irlanda-AEB-Erresuma Batua-Suedia-Belgika) eta Tailgate / Bumperkleef (Lodewijk Crijns, Herbehereak).
Panpinak protagonista
Javier Botet aktore espainiarra da aurtengo jaialdiko protagonista. Ytantos estudioak egin du kartelaren diseinua, eta Alberto Moragok. Kartelak beldurrezko zinemaren historian agertu izan diren panpinak omendu nahi ditu, eta, hain zuzen ere, panpinak barnean hartu izan dituzten generoko klasiko batzuk proiektatuko dituzte Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean. Bestalde, panpinak protagonista izango dira Alegiazko izakiak erakusketan ere; Okendo kultur etxean egongo da ikusgai, irailaren 25etik azaroaren 9ra, eta Tolosako Topic Museoko txotxongiloak ikusi ahal izango dira.