KRITIKA. Antzerkia

1492: amaiera eta hasiera

'Macho grita' antzezlanaren eszena bat. SERGIO PARRA
'Macho grita' antzezlanaren eszena bat. SERGIO PARRA
2024ko martxoaren 15a
05:00
Entzun

'MACHO GRITA'

Dramaturgia, zuzendaritza eta interpretazioa: Alberto San Juan. Musikariak: Pablo Navarro, Gabriel Marijuan, Miguel Malla, Claudio de Casas. Argiak: RaulĀ  Baena, Eduardo Vizuete. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: martxoaren 12a.

Alberto San Juanen azken ikuskizunera aurreiritzi okerrekin joan naiz, lau arrazoi direla medio. Lehenbizikoa, Macho grita (Arra garrasika) titulu horrengatik; bigarrena, komunikabideek zabaldutako laburpenagatik, zeinetan irakurri genuen antzezlanak macho espainiarra izatearen nondik norakoak azaltzen zituela; hirugarrenik, Espainiako Teatro Klasikoaren Zentroarekin elkarlanean aritu delako sortzaile madrildarra; eta horri guztiari beste zio bat gehitu behar zaio, hain zuzen ere, erreseinetan Zorrillaren Don Juan Tenorio pertsonaiaren desmitifikazioa behin baino gehiagotan aipatu dutela. Ni, inozo, Don Juanen mitoaren deseraikitze feminista ikustera joan nintzela aitortzen dut, baina askoz harago jotzen du antzezlanak. Don Juan aitzakia besterik ez da.

Espazio eszenikoa hutsik; izkina batean, mahai bat aulki batzuekin. Musikariak eta aktore bakarra horren inguruan, argiak piztuta daudela oraindik. Planteamendua, ezin eskasagoa: argien eta musikaren laguntza baino ez du izango aktore bakarrak. Teatraltasun ezaz kezkatzen hasia naiz. Musikariak hondoko lerroan kokatzen dira. San Juanen hitzentzat atzeko soinu banda eskainiko dute batzuetan, eta, beste hainbatetan, abestuko dituen kantuentzako melodia. Plazer handia da banda entzutea. Kontzertu antzerkia esapidea nonbait irakurri dudala gogora etortzen zait. Ikuskizunaren teatraltasun faltaz kezkatuta jarraitzen dut.

Baina horra hor San Juan hizketan hasten dela, Don Juanen eta Don Luisen arteko apustu famatuaren eszena antzezten. Bertsotan, hitz lauan, ahots ezberdinen joko horietan mamitzen zaigu antzerkitasuna. Eta hara non testuak ulertarazten digun Don Juan eta enparauen matxirulismo iberiarra icebergaren gailurra baino ez dela, identitate espainiar ofizialaren eraikuntza 1492an hasten dela. Hortik aurrera, Animalario taldearekin nahiz Madrilgo Teatro del Barriorekin erakutsi duen konpromiso politiko ausartari eusten dio San Juanek. Horrela, nortasun espainiar garbia juduak erbesteratuz, islama debekatuz, ijitoak Espainiatik kanporatuz eta Ameriketako biztanleak menderatuz eratu dela diosku. Antzezlea kronologian atzera-aurrera ibiliko da gertakizun historikoak aletzen, pertsonaia ezberdinak haragitzen, zurrunbiloan, anabasan. Nago atzoko exekuzioan San Juan ez zela oso fin ibili, baina testuak sobera bete zuen haren helburua: identitate erasotzailea non hasten den jakiteko, nora jo behar dugun argi geratu zaigu. Ikusleak guztiz pozik joan ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.