1512ko konkistari buruzko biltzarra antolatu du Nabarraldek irailean

Arrasaten, Agoitzen, Leitzan eta Iruñean egingo dituzte historia jardunaldiak irailaren 7an, 8an, 14an eta 15ean

Nabarralde elkarteko kideak eta biltzarra bultzatu duten udal eta taldeetako zenbait ordezkari. IÑIGO URIZ/ARP.
Inigo Astiz
Iruñea
2012ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Nafarroako konkistaren ondorioak. Gai hori hautatu du Nabarralde elkarteak aurtengo Euskal Herriko Historialarien Biltzarraren ardatz gisa. Orain bi urte egin zuten lehen biltzarra Vianan (Nafarroa), eta iaz Oñatin (Gipuzkoa) izan ziren. Beti izan dute buruan aurtengoa, halere. Gaztelak Nafarroako Erresuma konkistatu zuenetik 500 urte bete dira aurten, eta berezia izango da horregatik biltzarra. «Pisu sinboliko handikoa», antolatzaileek zehaztu dutenez. Angel Rekalde Nabarraldeko zuzendariak dioenez, ez da historia urruneko gai bat, eta horregatik da interesgarria eztabaida gizarteratzea. «Konkista ez zen izan kontu puntual bat. Izan zituen bere ondorioak, eta gaur egunera arte heltzen dira horietariko batzuk». Irailaren 7an, 8an, 14an, 15ean eta 16an izango da biltzarra.

Lau gunetara eramango dituzte aurtengoan jardunaldiak, eta lau gai multzotan antolatu dituzte hitzaldiak ere. «Minibiltzarrak» deitu dituzte antolatzaileek. Konkistak izan zituen ondorio linguistikoak aztertuko dituzte Arrasaten (Gipuzkoa), irailaren 7an; mugak hartuko dituzte hizpide Leitzan (Nafarroa), 8an; gazteluen suntsiketa eta berreskurapen prozesuez arituko dira Agoitzen (Nafarroa), 14an; eta Iruñeko Planetarioan emango zaie amaiera ekitaldiei, 15ean eta 16an. Konkistaren ondorio orokorrak landuko dituzte hiriburuan; gaztelarren erasoaren ondoren izan ziren aldaketa instituzional, sozial eta politikoak.

Mitoak, bertan behera

Orain arte egindako lanaren garrantzia nabarmendu du Joseba Asiron biltzarraren antolatzaileak. «Urte gutxian analisi historikoa asko aldatu da, baita konkistaren gaiak gizartean duen pisua ere. Gaur egun, Nafarroak gogoratu egiten du konkista prozesua, eta, neurri handi batean, egin diren ikerketei esker bertan behera gelditu dira historiografia nabarrista ofizialak hamarkadaz hamarkada defendatu dituen mito eta teorietariko asko. Gaur egun, gertatu zenaren errealitatea ikusi nahi ez dutenek baino ez dute jarraitzen mito haiei iltzatuta». Ildo bera izango du aurtengo biltzarrak ere.

22 bat historialarik hartuko dute parte biltzarrean. Oraindik ez da zerrenda osoa zehaztu, baina antolatzaileek eman dute hitzaldiak egingo dituzten adituen lehen zerrenda bat: Jose Luis Orella Unzue Deustuko Unibertsitateko senior katedraduna, Koldo Zuazo EHUko katedraduna, Jean Louis Davant idazle eta euskaltzain osoa, Jon Oria historialari eta Cambridge unibertsitateko irakaslea, eta Lourdes Soria Sese EHUko Zuzenbidearen historiako irakaslea. Horiek dira parte hartuko dutenetariko batzuk.

Hala ere, poster eta komunikazio libreak ere onartuko dituzte jardunaldietan. Jardunaldietan hitzaldiren bat egin nahi duenak, beraz, irakurri asmo duen komunikazioaren laburpena bidali beharko du ekainaren 30a baino lehen [email protected] helbidera.

Ekainaren 1ean irekiko da entzule gisa joateko inskripzioak egiteko garaia, eta bi aukera izango dira. Jardunaldi guztietara joateko aukera izango da, batetik, baina izango da egun bakarreko minibiltzarretara joaterik ere. Nabarralderen web orrialdean eman liteke izena.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.nabarralde.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.