Arkeologia

1753an topatutako barku baten bila ari da Albaolako taldea, Kontxan

Kontxako horma jartzeko lanetan topatu zuten barku baten saskarra, data horretan, eta hura berraurkitzeko indusketa arkeologikoak abiatu dituzte gaur, Donostian. Asteazkenera arte ariko dira bila.

Albaolako lan taldearen indusketa lanak, gaur goizean, Donostiako Kontxan. ANDONI CANELLADA / FOKU
itziar ugarte irizar
2020ko otsailaren 24a
16:45
Entzun

Ez dakite ziur hor dagoen. Dakitena da, egotekotan, inguru horretan behar duela, Donostiako Alderdi Eder parkeko karruselaren parean, gutxi-asko. XVIII. mendeko kartografiari esker dakite, Kontxako horma eraikitzeko lanak egin zituztenean barku bat agertu zela bertan. Hala azaldu du Xabier Alberdi Albaolako ikerketa departamentuko zuzendari eta Euskal Itsas Museoaren zuzendariak: “Badakigu, beraz, barku hori lehenagokoa dela, 1753. urtea baino lehenagokoa. Zenbat? Ez dakigu. Hori da helburua: barku hondarra lokalizatzea, eta, agertzen baldin bada, laginak hartzea hura datatzeko, eraiki zen urtera hurbiltzeko”.

Baldin eta topatzen badute, garaiaren arabera diseinatu ahal izango dituzte etorkizuneko esku hartzeak. “XVIII. mendeko barku bat baldin bada, agian, ez du merezi indusketa arkeologiko sakon-sakon bat egiterik, sasoi hartako planoak jada ezagutzen baititugu”, azaldu du Alberdik. “Aldiz, garai zaharragokorik ez da ezagutzen. Demagun, handira jota, Erdi Arokoa dela... Zenbat eta antzinagokoa, orduan eta interes handiagoa izango du. XVIII. mendea baino lehenagoko edozein barku-hondar izango da baliotsua orduko ontzigintza ezagutzeko”.

Gainera, Alberdik erantsi duenez, Donostian arazo “larri” bat dago dokumentazioarekin. “Hiria erre zutenean, 1813an, plano ia denak bertan kiskali ziren. Eta hori gabezia handia da ontzi hauek lokalizatzeko orduan. Adibidez, ez dauzkagu udaleko aktak. Imajinatzen XV. mendeko aktak izango bagenitu eta bertan irakurri egun bakoitzean zein ontzi joan ziren pikutara eta non? Baina ez dauzkagu. Geratzen zaigun informazio iturri nagusia hauxe da: arkeologia”.

Gaur hasi dituzte indusketa lanak, eta etzi arte egongo dira bertan. Egunotako marea biziak ari dira aprobetxatzen lanerako. Bost behargin ari dira indusketan lanean, hondeatzaile batekin, eta, beraz, marea behean dagoenean soilik egon daitezke hondartzan. “Agertzen bada, ongi; ez bada agertzen, tira; arkeologia ez da zientzia zehatz bat”, aipatu du Alberdik.

Indusketa lanak, begi-bistan

Lehen aldia da Kontxan horrelako lanak egiten direna. Eta, ohi ez bezala, herritarrek lan arkeologikoak bertatik bertara ikusi ahal izango dituzte. Gaur goizean, harrizko hondakinak atera ahal izan dituzte, baita egur zatiak ere. Horietako batzuk hormaren zimenduetatik etor daitezkeela aurreratu du arkeologoak, baina baita barkuaren arrastoetatik ere. “Gertatzen dena da ez dugula barku-hondar bat topatu oraindik; ez hau eta ez besteren bat, asko izan baitira hemen mendez mende urperatu diren ontziak. 2000 urtez okupatuta egon den hiri batez ari gara. Imajinatu tarte horretan guztian hemen gertatu den guztia, galdu den guztia... Arrastoak egon daitezke era guztietakoak eta sasoi guztietakoak. Egiazki, Kontxa leku aberats bat da hondar arkeologikoei dagokienean”.

Ontziaren berri ematen duten iturriak publikoak dira, eta Albaolako lan taldeak aspalditik zuen buruan hura berraurkitzen saiatzeko asmoa. Aukera, ordea, orain etorri da Kutxa Fundazioaren laguntza bati esker —denera, 6.000 euro inguruko aurrekontu batekin ari dira lanean—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.