korrika

18. Korrikarako motorrak berotzen

Ekimena indartu eta euskal kultura zabaltzeko asmoz, Korrika Kulturala antolatu du AEK-k. Egitaraua aurkeztu du, Gasteizen. Musika eta antzerkia izango dira ardatza; nobedade nagusia, ostera, 'Lekukoaren bila' ginkana izango da, Euskal Herri osoan garatuko den lehiaketa erraldoia.

Berria.info
2012ko abenduaren 14a
13:55
Entzun

Korrika, zapatilak jantzi eta lasterka egitea baino gehiago da. AEK-k badaki hori, horregatik, martxan jarri zuten Korrikarekin batera, Korrika Kulturala delakoa. 1993an ospatu zen lehendabizikoz, Korrikaren 8. edizioarekin batera.

Hamazortzigarren Korrika kulturalaren egitaraua aurkeztu da gaur goizean Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Euskal musika eta antzerkigintza izango dira egitasmoaren ardatz nagusia, aldiro legez. Zuzeneko Instanteak musika argazki erakusketa kolektiboa da ekintza horietako bat. Gazta zati bat dokumentalaren harira, emanaldi berezi batzuk prestatu dituzte Xabi Solano eta  Zigor Dz-k; zuzeneko horietan Aitor Zabaleta, Keu Agirretxe eta Jon Maiarekin batera arituko dira. Antzerkiari dagokionean, Balitzen Ihoa eta Pisukideak antzezlanak izango dira eskaintza. 

Edizio honetarako nobedade nagusi bat aurkeztu du AEK-k: Lekukoaren bila ginkana. Euskal Herri osoan garatuko den lehiaketa erraldoia da honakoa; taldeka batuko dira lehiakideak, eta auzo eta herrietan hasiko dira txapelketak, ostean, eskualdeetan ospatzeko. Finala, martxoaren 24an jokatuko da Baionan, Korrika bertara heltzearekin batera.

2013ko martxoaren 14tik 24ra egingo dute hurrengo Korrika. Euskara gizarteko esparru guztietara hedatzea da AEKren helburua, eta horretarako ezinbestekotzat jotzen du herritarren lana. Hori dela eta, euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren herritarrak omenduko ditu. Horretarako, sagardotegiko ekimen erraldoi bat antolatu dute urtarrilaren 26rako. Egun osoko egitaraua egongo da; tartean, Esne Beltzaren kontzertua.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.