Begirada iraganean duela itzuli da berriz ere Bide Ertzean musika taldea. "1977an, Guardia Zibilak gure osaba Sebas eta bere lagun bat hil zituen errepide kontrol batean. Atzera begira jarri gara, eta memoria ariketa egin dugu etxeko drama horrekin". Familiako oroitzapen hura abiapuntu hartuta, Tolosako taldeak 77 (Gaztelupeko Hotsak, 2013) izeneko bere bederatzigarren lana aurkeztu du gaur Bilboko Kafe Antzokian.
1977. urtea. Punk mugimenduaren gorena, Elvis Presleyren heriotza eta Argentinako Maiatzaren Plazako Amen lehen elkarretaratzea. Gugandik gertuago ikurrinaren legeztatzea, euskararen aldeko lehen Kilometroak eta Francoren osteko lehen hauteskundeak. Garai hartan kokatu du taldeak disko berria. Aipatutako etxeko drama ahaztu gabe, trantsizio garai horretara zuzendu dute begirada Ubeda anaiek eta Karlos Aranzegik. Dena den, ez da lehen aldia halakorik egiten dutena, Non Dira diskoan 1936ko Espainiako gerrari buruzko disko kontzeptuala egin baitzuten.
"Betiko Bide Ertzean aurkituko duzue disko honetan, baina berriztatuta", nabarmendu dute. Ildo horretan, hainbat dira Ubeda anaiek lan berri honetarako dakartzaten berritasunak. Hasteko, boskote izatetik hirukote formatura pasatu dira, eta horrek hainbat moldaketa egitera behartu ditu. "Moldaketa horietako bat errora joateko beharra izan da", adierazi du Aranzegi bateria jotzaileak. Eta hala da, aurreko soinu gardenaren eta apaingarrien edertasunaren ordez zikintasuna eta distortsioa aurkitu daitezke eta zenbait abestitan.
Diskoa Urnietako (Gipuzkoa) Sarobe aretoan grabatu zuten 2012ko abuztuaren lehen hamabostaldian, eta Suso Saiz ekoizlearen (Los Piratas, Ivan Ferreiro, etab) eta Jordi Mora teknikariaren laguntza izan dute.