Gaur goizean jakin denez, 2016ko Txotxongiloen Munduko Kongresua eta jaialdia Tolosa eta Donostian izango dira. Hautagaitza defenditzen Chengdu hirian (Txina) izan da azken egunetan Tolosa-Donostiako ordezkaritza —han ari da egiten aurtengo jaialdia—, eta saria lortu dute. Jekaterinburg hiriarekin (Errusia) lehiatu dira, eta boto bikoitza eskuratu dute.
Hainbat erakundek elkarrekin defendatu dute euskal hautagaitza: Tolosako Udalak (bere izenean Ibai Iriarte alkatea joan da), Topic Tolosako museoak (Idoia Otegi zuzendaritzakidea joan da), Donostia 2016 egitasmoak, Eusko Jaurlaritzak eta Etxepare Institutuak (Aizpea Goenana zuzendaria joan da).
Proiektu batzuk aurkeztu dituzte. Besteak beste, Altzoko Handia txotxongiloen musika-ipuina eta Surfrider Foundation Europekin batera hondartzetan jasotako hondakinekin txotxongiloak egiteko proiektua.
Epaimahaikideek eta Jekaterinburgeko ordezkariek aitortu dute oso aurkezpen berezia egin dutela Tolosa-Donostiakoek, eta zorionak eman dizkiete, Idoia Otegik Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza-ri esan dionez.
Lau urtez behin izaten da Unima txotxongiloaren arloko mundu mailako topagunea. Bost kontinenteetako 80ren talde pasa etorriko lirateke Tolosa-Donostiako ediziora ere.
Tolosa bezalako herri batean (18.000 biztanle) sekula ez da egin kongresua.