Oscar sariak irabazteko hautagaiak martxoaren15ean jakinaraziko dituzte. Berez, urte naturalaren barruan estreinatutako filmen artean banatzen dituzte sariak, hurrengo urteko ekitaldian. 2021eko otsailean, beraz, zinemetan 2020an estreinatutako filmen artean banatu beharko ziratekeen sariak. Baina aretoak itxita egon dira ia mundu osoan, eta atzeratu diren filmak ere lehiatu ahalko dira 2021ean, beraz.
Lehenago ere, akademiak ontzat emana zuen zinema aretoetan ez, baina beste plataforma batzuetan —Interneten-eta— estreinatutako pelikulak ere lehiatu ahal izatea. Oscar sarietan ez dituzte inoiz aintzat hartu nahi izan halako filmak, baina salbuespena egin dute aurten.
«Mende batez baino gehiagoz, filmek rol garrantzitsua izan dute momentu ilunenetan kontsolatzeko, inspiratzeko eta entretenitzeko. Orain ere egin dute. Epea luzatuz, gure esperantza da zinemagileei euren pelikulak bukatzeko eta aurkezteko malgutasuna ematea, bestela inoren kontroletik kanpo dagoen zerbaitek kalte egingo lieke eta», adierazi du David Rubinek, sariak ematen dituen akademiaren presidenteak.
Gobernadoreen Juntak hartu du erabakia. Steven Spielberg eta Whoopi Goldberg daude talde horretan, besteak beste.
Beste hiru alditan ere atzeratu izan dute Oscar sariak banatzeko ekitaldia: 1938an, Los Angelesko uholdeengatik; 1968an, Martin Luther Kingen hilketarengatik; eta 1981ean, Ronald Reaganen aurkako atentatuagatik.