Donostiako 2016ko kultur hiriburutzari lotutako Olatu Talka egitasmoan 250 kultur ekitaldi egin dituzte iragan ostiraletik igandera bitartean. Laugarren aldia zen aurtengoa, eta aurreko urteetan baino ekitaldi gehiago egin dituzte.
Ohar baten bidez, antolatzaileek "arrakastatsutzat" jo dute aurtengoa, "nahiz eta tarteka eguraldi txarra izan". Nabarmendu dute "energia sozial eta kulturaleko" ekintzak egin dituztela, eta gaineratu dute ekimena "egonkortzen" ari dela "alor ugaritako jaialdi" gisa.
Igor Otxoa Donostia 2016ko proiektu zuzendariaren arabera, jendea "ulertzen" ari da Olatu Talka eta kultur hiriburutza "herritarren parte hartzearen oinarrien gainean eraikitzen" direla. "Olatu Talka pixkanaka kultura mota ezberdinak txertatzen ari da; urruntzen ari da kultura soilik artea delako ustea", gaineratu du.