27 herrialdetako 36 film lehiatuko dira NIFFen

Irailaren 3tik 5era egingo dute Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdia, bigarrenez, Iruñean.

Fermin Gil, Izaskun Goñi, Joaquin Calderon, Maria Garcia-Barberena eta Idoia Calvo, gaur, jaialdiaren aurkezpenean. NIFF
Ane Eslava.
2020ko abuztuaren 26a
19:51
Entzun

NIFF Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdiak gaur ezagutarazi du zer lan lehiatuko diren jaialdian. Sail Ofizialean 36 pelikula izango dira, hamar ataletan banatuta: Migrazioak, Feminismoak, LGTBI+, Planeta, Desgaitasunak, Buru osasuna, Miszelanea, Animazioa, Biran eta Nafarroatik. Azken horretan, lau zuzendari nafarrek euren lanak proiektatuko dituzte: David Ilundainek Uno para todos izeneko filma eramango du, Lucia Guerrok La piel fina, Raul de la Fuentek Woman eta David Seronek El abrazo del Pirineo. Osotara, zinema sozialeko 1.000 minutu proiektatuko dituzte, dohainik.

Meliton estudioak antolatzen du jaialdia, Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren laguntzarekin. «Aurtengoa jaialdiaren hazkundearen ikur izango da, proiektua lurraldean errotzen ari dela erakutsiko duena», adierazi du Joaquin Calderon Meliton estudioko bultzatzaile eta jaialdiko zuzendariak, gaur, aurkezpenean, Iruñean. Egungo krisi testuinguruan, jaialdiak «Nafarroako ikus-entzunezkoen sektorea dinamizatuko duen motorra» izan nahi duela azpimarratu du; «herrialdea talentuaren eta sormenaren sustatzaile bihurtuko duen erakusleihoa».

Nafarroako Gobernuak herrialdean ikus-entzunezko sorkuntza bultzatzeko zenbait neurri hartu ditu azken urteetan —pizgarri fiskalak, esaterako—, eta NIFF jaialdia ere helburu horren barruan kokatzen da; hori ziurtatu du Izaskun Goñi, Enpresa Politika, Nazioarteko Proiekzio eta Laneko zuzendari nagusiak: «Nafarroarentzat aukera bikaina da gure erkidegoak ikus-entzunezko sektoreari egiten dion ekarpena eta bere talentua ikustarazteko; herrialdea nazioarteko ikus-entzunezko sektorearen mapan kokatzeko».

Lanak gaiaren arabera aukeratu dituzte, eta ez iraupenaren edota generoaren arabera; hori da jaialdiaren berezitasuna, Calderonen hitzetan: «Zerbait kontatzen duten pelikulak dira, bihotzera iristen direnak».

Proiekzioak hiriko bost tokitan izango dira: Andre Maria Erreginaren katedralean, Kondestablearen jauregian, Nafarroako Antzerki Eskolan, Baluarte auditoriumean eta Katakrak liburu dendan. Hautatutako filmetako zuzendariek 10.000 euro eskuratu ahal izango dituzte sarietan. Jaialdia ixteko ekitaldian jakinaraziko dituzte irabazleak: irailaren 5ean, 20:30ean, katedralean. Pelikulez gain, azpi-sailetako bakoitzeko gai nagusiak lantzeko mahai inguruak ere antolatu dituzte.

Proiekzio guztiak Internet bidez

Hautatutako filmak ez ezik, Meliton estudioak Oliver Laxe zuzendariarekin antolatu dituen tailerrean sortutako lanak ere erakutsiko dituzte, bai eta berrogeialdian egindako filmen saio bat ere, besteak beste. Erakusketa bat ere antolatu dute: Flavita Banana artista espainiarraren ilustrazioak eta binetak Baluarten izango dira ikusgai irailaren 4tik 30era.

Edukierak murriztuak izango dira eta higiene neurriak ere hartuko dituzte. Ez da sarrerak aldez aurretik eskuratzeko aukerarik egongo; tokiak bete arte onartuko dituzte ikus-entzuleak. Baina berrikuntza gisa, emanaldi guztiak Internet bidez jarraitu ahal izango dira, zuzenean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.