Komikia

30.000 agiri jaso ditu Komikiguneak

Komikiaren mundua eta euskal komikiaren historia ditu aztergai Gipuzkoako Foru Aldundiak irekitako gune berriak.

Patxi Huarte 'Zaldieroa', Ainara Azpiazu Aduriz 'Axpi', Joseba Larratxe 'Josevisky', Iñaki Martiarena 'Mattin' eta Dani Fano komikigileak. GORKA RUBIO, ARGAZKI PRESS
mikel lizarralde
2014ko urriaren 9a
13:45
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiak Luis Gaska editore eta komikizalearen funtsa erosi zuen 2004an. Zinemari buruzko liburu, argitalpen eta bestelakoekin batera, komikiari lotutako bilduma erraldoiak osatzen zuen funtsa: komikiak, marrazkiak, gutunak... eta horien artean historikotzat jo zitezkeen agiriak zeuden, asko XX. mende hasierakoak. Orduz geroztik, diputazioa bere funtsa osatzen joan da, eta hori guztia (30.000 agiri inguru, horietatik 13.160 katalogatuak), Komikigunean bildu du orain, Donostian zortzigarren arteari eskainitako zentro berrian. Gaur bertan azaldu dutenez, Komikigunea komikilari eta ikertzaileen bilgune izateko bokazioarekin jaio da, eta aurrerantzean ere bilduma handitzen eta osatzen joateko asmoa dute. Jaso eta katalogatutako lanen artean 128 dira euskaraz idatzitakoak.

Bildumako 30.000 agirien artean denetarik dago: liburuak, komiki aldizkariak ta komikiari buruzko fantzineak, jatorriko marrazkiak, tirada mugatuko grabatuak, kartelak, irudiak, DVDak , soinu-grabazioak, kaseteak, objektuak, gutunak, txostenak...

Materialari dagokionez, euskal komikiarekin lotutako hainbat lan daude: Txistu, Argia aldizkariak 1927. urtean haurrentzako osagarri gisa kaleratutako eranskina —Antonio Zabalaren funtsean zegoen—, Poxpolin, Isaac Lopez de Mendizabalek 1935ean euskara hutsez argitaratutakoa, Pan pin —Hondarribiko kaputxinoek 1960tik 1969ra argitaratua—, Napartheid, Ipurbeltz... 

Komikigunea Koldo Mitxelena Kulturunetik gertu dago, Errege-Erregina Katolikoen kalean, eta bi solairutan antolatuta dago. Lehenengo solairua dokumentuak aztertzeko atondua dago; apaletan, hiztegi, entziklopedia eta komikiei buruzko liburuak daude erabiltzaileen eskura, zuzenean kontsultatzeko. Ikertzaileek aldez aurretik eskatu beharko dute behar duten materiala, iristen direnean prest eduki dezaten. Izan ere, dokumentuak bertan egongo dira kontsultagarri, baina ez da mailegu zerbitzurik izango —Koldo Mitxelenak segituko du zerbitzu hori eskaintzen—.

Bigarren solairuan, berriz, biltegia dago. Hor dokumentu zaharrak eta baliotsuak daude, eta 2000. urtea baino lehen argitaratutako komikiak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.