Donostiako Jazzaldia

34 euskal talde arituko dira Donostiako Jazzaldian

Donostiako 53. Jazzaldian 34 euskal taldek eta bakarlarik parte hartuko dute uztailaren 25ean hasi eta 29ra bitarte. Iñaki Salvadorrek antolatu du 'Mikel Laboaren oroimenez' ekitaldia, eta hainbat musikari arituko dira omenaldian.

Donostiako Jazzaldiko antolatzaileak eta euskal musikariak egitaraua aurkezten. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Maider Galardi
2018ko maiatzaren 23a
09:57
Entzun

Jon Insausti Donostiako kultur zinegotziak azaldu du urtarrilean abiatutako hautaketa prozesu baten bitartez aukeratu dituztela Jazzaldian izango diren 34 euskal sortzaileak. Azaldu du helburu nagusia "euskal musikariak indartzea" eta bertako musikariei "nazioarteko leiho bat irekitzea" dela. Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak, berriz, nabarmendu du gaur egun euskal musika sasoi onean dagoela poprockari eta jazzari dagokionez: "Ezin talde aproposagoak dira geure jaialdirako".

Besteak beste, Iñaki Salvadorrek Mikel Laboaren oroimenez ekitaldia antolatu du uztailaren 26rako. Laboari omenaldia egiteko taula gainean izango dira Ainara Ortega abeslaria, Angel Uzu gitarra jolea eta Salvador bera. Kantariarekin ibilbide luzea egin zuen Salvadorrek piano jole gisa, eta, hil zela hamar urte beteko direnez aurten, Laboaren kantuak jazzarekin uztartu ditu ekitaldirako.

Hautaketa proban hamabost taldek eman dute izena, eta horietatik hamar arituko dira Jazzaldiko hainbat taulatan, hala nola Double Drums Quartet, Ana Bejarano, Albricola eta ZigJazzUnit. Gainera, Musikeneko hiru taldek ere parte hartuko dute: "Ikasleentzako aukera aparta da Jazzaldian jotzea, oholtza profesionalak ezagutzeko aukera dutelako", azaldu du Miren Iñarga Musikeneko zuzendariak. Horretaz gain, zentroko irakasleek ere eskainiko dituzte lau kontzertu. Nerabe, Oso Fan eta Voltaiak ere joko dute Jazzaldian, uztailaren 29an. Michel Portal ere izango da. "Jazz arloan ezagunena den euskal musikaria da bera", azpimarratu du Martinek.

Zurriolako oholtzan euskal taldeak

Lehenago ere aurkeztu bazituzten ere, hainbat euskal musikari arituko dira Zurriolako oholtzan. Esate baterako, Izaro Andres musikaria izango da, uztailaren 26an: "Ez naiz donostiarra, baina Donostian sortu dut Eason diskoa, eta plazera izango da hainbeste inspiratu nauten hiru hondartzen aurrean abestea". Mikel Erentxun eta Amateur arituko dira taula beraren gainean: "Ilusioz" jaso dute gonbidapena.

Insaustik eta Martinek azpimarratu dute Donostiako Jazzaldiak baduela nahikoa historia eta aitortza nazioarte mailan, eta aurtengoan ere egitarau oparoa eta arrakastatsua antolatzea izango dela helburua.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.