KULTURA

'3L'-ak emanaldia, liburu-DVD bihurtuta

Xabier Lete, Xabier Lizardi eta Esteban Urkiaga 'Lauaxeta' poeten testuen bueltan Anjel Lertxundik eta Antton Valverdek ondutako kontzertu-errezitaldia kaleratu du Pamiela argitaletxeak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren sostenguarekin.

Igor Susaeta.
2013ko abenduaren 17a
16:39
Entzun

Valverdek, pianoan eserita, hiru poeta horien hainbat poema musikatu izan ditu bere ibilbidean, eta emanaldietarako Lauaxetaren (Mendigoxaliarena, Langile eraildu bati eta Neguko gaba), Lizardiren (Oia, Baso itzal, Asaba zaarren baratza) eta Leteren (Herri zahar honetan, Bianditz eta Amaiatu da bidaia) hiruna aukeratu zituen. Neguko gaba, Bianditz eta Amaitu da bidaia estreinakoz grabatu ditu.

Joan den irailaren 3an Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko klubean egindako emanaldia jaso dute liburu-DVD batean. Kontzertu-errezitaldiaren ideia, ordea, orain hiru urte, Lete hil berritan loratu zen, gaur goizean Donostian egindako aurkezpenean Lertxundik jakinarazi duenez. "Leteren hainbat kantarekin emanaldia emateko deitu zioten Anttoni [Valverde] Iruñeko Hizkuntz Eskolatik. Nirekin gogoratu zen, eta deitu zidan esanez ea lagunduko ote nion kantuei sarrera bat-eta eginez. Oso gustura sentitu ginen, konplizitate artistiko bat sortu zen gure artean, eta pentsatu genuen bidea egin zitekeela". Lertxundik azaldu du bere egitekoa izan dela hiru poetak kulturalki eta poetikoki kokatzea.

2000. urtean abiarazi zutenetik, Littera&musika bildumaren barnean kaleratutako hamargarren erreferentzia da 3L-ak DVDa —hirugarrena aldundiaren sostegua duenetik—. Urtarrilean eta otsailean bi emanaldi egingo dituzte Valverdek eta Lertxundik, Iruñean bata eta Gasteizen bestea, baina oraindik ez dituzte datak zehaztu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.