Sentimen gazi-gozoak sortu dizkit Eusko Ikaskuntzak eta Kukuxumusuk kaleratu duten Euskal emakume menderakaitzen elastikoak. Badakit emakumeekiko ezagutza ekintza bat dena, jakitun naiz emakumeak ahanzturatik ateratzeko saio bat dena, jabetzen naiz menderatutako pertsona multzo baten aldeko aldarria dena, konturatzen naiz etorkizuna oinarri anitz eta justuagoen gainean eraiki ahal izateko saiakera bat dena. Eta ados nago, baina zerbaitek urratzen dit barrena. 44 emakume aurpegi, elkarren segidan jarriak. Nork bere historia du baina taldean ageri zaizkigu, artalde bat nola. Horiek edo beste batzuk izan zitezkeen elastikoan agertzen direnak gainera, eta leloak eta xedeak berdin balioko luke. Emakume horiek denak trukagarriak dira euren artean, 44 horiek edo beste batzuk emakume guzti-guztiak ordezkatzen dituztelako. Ulertzen dut daramagun atzeramendu historikoak taldekatzea eska lezakeela. Baina, hala ere, baina.
Eta betiko ariketa egin dut. Kendu emakume eta jarri gizon. Euskal gizon menderakaitzak, 44 aurpegiko elastikoan. Ez al da arraro egiten? Inoiz ikusi du inork horrelakorik? Gizona talde bezala aldarrikatu al da inoiz? Zenbat gizonezko omendu, gogora ekarri, kale eta plaza izenetan ezagutu, saritu, goratu eta laudatu dira taldean? Gizonak beti bakarka omentzen dira, ez gizon guztien izenean. Izen eta abizenekin, eta bere bizialdi eta merituekin.
Berdinak edo berberak. Hitzak jarri dizkio Celia Amoros filosofoak sentitzen dudan urradura honi. Amorosen abiapuntuko kezka nirea ere bada: zergatik ukatzen zaion emakumeari norbanako izatea eta baita boterera iristea ere, eta bi errealitate horien artean zer harreman dagoen. Eta, asko sinpletuta ere, zera argudiatzen du: bi lagun elkarren artean berdinak izateak esan nahi du nork balio eta ezaugarri desberdinak izanagatik maila berekotzat hartzen direla. Berdinak izanda ere, subjektu bezala erabat bereiziak eta berezigarriak dira, desberdinak direlako. Aldiz, bi lagun berberak dira balio eta ezaugarriak ere berberak dituztenean, eta beraz, subjektu modura ezin dira bata bestearengandik bereizi.
Eta jarraitzen du: gizonak elkarren artean berdinak dira, eta emakumeak, berriz, berberak. Gizonak gizabanako dira, eta emakumeak ez. Gizonak bakarrak dira, eta emakumeak trukagarriak. Gizonak berdinak dira eta euren arteko berdintasun horren egia —bestela esanda bere boterearen giltza— arraza eta klase sozial guztien gainetik ere beste gizon guztiekin partekatzen duen berdintasunean datza. Gizonak gizabanako dira badutelako ondare bat partekatu eta oinordetzan uzteko: balioak, boterea, ezagutza eta prestigioa, eta hori dena, gainera, plaza publikoan onartzen zaio.
Emakumeak berberak dira eta beren egia —alegia bere botere gabetasunaren giltza— partekatzeko publikoki baliorik izan dezakeen ezer ez duela da. Emakumea ez da gizabanako, ez da nor, ez duelako ondarerik partekatzeko, ez oinordetzan uzteko; ez baliorik, ez botererik, ez ezagutzarik, ez prestigiorik. Ondare gabetuak dira, eta botererik ez dagoen tokian ez dago nabarmentzeko arrazoirik, ez dagoelako konpetentziarik, hau da nor izaterik, inpotentziaren edo botere gabetasunaren gaineko konpetentzia baino gauza barregarriagorik ez dagoelako.
Gizona araua da, gainontzeko guztia neurtzeko erabiltzen den patroia. Gizona esan eta pertsona esaten duzu. Emakume esan eta emakume esaten duzu. Demagun, gizon bat ez da gizona hitza betetzen ez duenean. Hitza betetzen duenean, esate batera, gizon portatu da, esaten da euskara jatorrenean. Emakume batek hitza jaten duenean edozer izan liteke baina emakumea ez dela ez du inork esango. Emakume portatu da, esaera ez dut inoiz entzun, baina aurrekoak ematen dio zentzua. Zer ote da hori. Belarriko bihotzeko eta giharretako mina ematen du esaldi horren atzean zer egon litekeen, ze oihartzun egiten duen norbere barruan pentsatze hutsak.
44 emakume milaka eta milaka emakumeren ordezkari, euskal emakume guztiena, forma garbirik gabeko masa batean. Bata abokatu sufragista bestea prostituta idazlea teniente koronela argazkilaria iraultzailea ola-emakumea erregina gillotinatua mugalaria kantaria andereñoa gobernadore zibila bertsolaria. Bai zaku nahasia. Emakume izateak berdindu baino berberetu egiten dituena. Uste dut emakumeok norbanako gisa onartu gaitzaten dela egunero bilatzen duguna, konturatu edo ez. Mahai-inguruan edo bertso saioan emakume bat behar dugu, etorriko zara?, galdetzen dizutenean sentitzen duzun urradura hori da horren seinale. Emakume izanda ere, inoiz izango ote garen nor. Eta hala ere joan bazoaz. Eta hala ere elastikoa erosi egiten duzu. Eta jantzi, bularraldea pixka bat estutzen badizu ere.
Katuajeak
44 emakume
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu