Uztailaren 12a izan zen, 1962. urtekoa, Mick Jagger (ahotsa), Keith Richards (gitarra), Brian Jones (gitarra), Ian Stewart (teklatua), Dick Taylor (baxua) eta Tony Chapmanek (bateria) Londresko Marquee klubeko agertokian lehenengo kontzertua eman zuten eguna. The Rolling Stones publikoaren aurrean aurkeztu zena. Rock-and-rollaren historiara pasatu den talde mitikoaren debutaren 50. urtemuga bete da gaur, eta taldekideen arteko liskar ezagunak une batez gutxienez albo batera utzita, bandaren azken formazioko kideek, Jaggerrek, Richardsek, Charlie Wattsek (bateria) eta Ron Woodek (gitarra), elkarrekin ospatuko dute efemeridea. Somerset House aretoak irekiko duen erakusketak (Rolling Stones: 50) laurak elkartuko ditu, bost urtean elkarrengandik urrun pasatu ondoren. Era berean, hor aurkeztuko dute izen bereko liburua, taldearen historia laburbiltzen duen liburu antologikoa.
1962ko uztailaren 12 hartan Marquee klubean The Rollin' Stones —artean g-rik gabe— ikustera joan zirenek nekez asmatuko zuten taldea denborarekin zer bilakatuko zen. Orduan, AEBetako musika beltzari miresmen ia obsesiboa zion gaztetxo talde bat zen. Muddy Waters, Willie Dixon, Bo Diddley eta Chuck Berry maite zituzten, eta kontzertu hura, lehenengoa, rhythm & blues kantu ezagun nahiz ilunekin osatu zuten. Paradoxikoa da, baina British invasion deitu zen haren barruan, taldea oihartzun handiarekin AEBetara joan zenean biran, estatubatuar askok beren herriko musika sustraiduna ezagutu zuten; ez beharko lukeen bezala, bertako bluesman beltz beteranoen eskutik, baizik eta munduaz bestaldeko gaztetxo zurien bidez.
Lehenengo kontzertuan parte hartu zuten taldekideetatik bik, Taylorrek eta Chapmanek, berehala egin zuten alde, eta Stewartek taldekide finko izateari utzi zion, baina ondorengo urteetan askotan jo zuen pianoa The Rolling Stonesekin. Haien ordez, taldearen aurreneko formazioa osatu zuten bi musikariak sartu ziren: Bill Wyman baxu jotzailea eta Charlie Watts bateria jotzailea.
Bost urteko etena
The Rolling Stonesen gaurko kideek (Jagger, Richards, Watts eta Ron Wood) duela bost urte egin zuen azkeneko agerraldia elkarrekin. A Bigger Band deituriko munduko bira egin zuten bi urtean —147 kontzertu—, eta Euskal Herrian ere izan ziren jotzen, Donostiako Anoeta estadioan hain zuzen ere. Orduz geroztik, ordea, zurrumurruak zurrumurru, Jaggerrek eta Richardsek ez dute elkarrekin egoteko gogo handirik erakutsi. Ezagunak dira bien artean izan diren tirabira historikoak, baina azken urteotan areagotu egin da taldeko bi buruen arteko ezinikusia. 2010ean argitaratutako biografian (Life), Richardsek ahobizarrik gabe kritikatu zuen taldekidea, eta 80ko hamarkada hasieraz geroztik «jarrera jasanezina» duela agertu zuen.
50. urtemuga bera iskanbilarako aitzakia izan da, Jaggerrek adierazi baitzuen ez zuela nahi Richardsek parte hartzea gaurko ekitaldietan. Nolanahi ere, badirudi harremanak baretu direla eta mende erdi bete izana The Rolling Stonesen itzulerarako aitzakia bihur daitekeela. Bill Wymanek esan du prest legokeela taldekide ohiekin kontzerturen batean jotzeko—Steel Wheels diskoa grabatu eta lau urtera utzi zuen taldea, 1993an—, baina ez bira oso bat egiteko.
Nolanahi ere, Jaggerrek eta Richardsek etorkizuna garbi dutela diote gero eta zurrumurru gehiagok. Horien arabera, haien asmoa 2013an berriro ere errepidera ateratzea da eta disko bat grabatzea. Zortzi urtean aurrenekoa litzateke.
50 urte agertokian, eta etorkizuna, airean
The Rolling Stonesek mende erdia bete du. Gaurko egunez, 1962an, lehenengo kontzertua eman zuen, Londresen, eta gaur taldekideak hura ospatzeko elkartuko dira. Bira baten eta disko baten atarikoa izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu