Abuztua hilabete "handia" izan ohi da eskaintza musikalari dagokionez, Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuaren arabera. "Ez da bakarrik kanpoko musikariak etortzen direlako Donostiara. Gure sortzaileek beren sormen lana erakusteko aukera bat dute: Easo abesbatzak, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak... Hamabostaldia erakusleiho bat da hemengo musikarientzat". Jaialdiak Gipuzkoako hiriburuaren izena daraman arren, Euskal Herri osoan izango dira emanaldiak.
Aurten Kultur Hiriburuarekin bat egingo du jaialdiak, eta, horregatik, orkestrak bilakatu dituzte egitasmoaren ardatz. Patrick Alfaya Hamabostaldiko zuzendariaren esanetan, orkestrak "elemenu kolonialistak" izan ziren, eta, ondorioz, Europa osoan daude. Hauek dira aurten Kursaalean izango diren orkestra handienetako batzuk: English Baroque Soloists, Budapest Festival Orchestra, Balthasar Neumann Ensemble eta Frankfurteko Irratiko Orkestra.
Abesbatzak izango dira beste zutabe nagusi bat. Euskal Herriko abesbatzez gain, munduko hiru formazio "hoberenetarikoak" ekarriko dituzte: Montevedri Choir, Collegium Vocale, eta Balthasar Neuman Abesbatza eta Bakarlariak.
Jaialdiaren amaiera ekitaldian, Hamabostaldiaren historian aurrenekoz, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa elkarrekin ariko dira. Horiekin batera, Donostiako Orfeoia, Iruñeako Orfeoia, Easo Eskolania, Araoz Gazte Abesbatza eta Christian Elsner tenorra igoko dira oholtzara. Orotara, 400 lagun inguru batuko dira, eta Hector Berliozen Te Deum interpretatuko dute.
Gainera, Mugetan izeneko atal berri bat gehitu dute programazioan. Atal horretan, musika klasikoaren esparrura lagun berriak erakartzeko helburuarekin Hamabostaldiak aurrez martxan zituen jarduerak bildu dituzte.
Musika Hamabostaldiko Lagunei zuzendutako abonu guztiak salduta ekingo diote sarreren salmenta orokorrari. Datorren ostiraletik aurrera —ekainak 3— eros daitezke sarrerak www.quincenamusical.eus webgunean eta Kursaaleko zein Viktoria Eugeniako leihatiletan.