«80ko hamarkadako taldeontzat oso gurea da 'etorkizunik ez' leloa»

1992an lehen diskoa atera ostean desagertu egin zen Txarrena, Enrique Villarreal 'El Drogas'-en talde paralelo eta pertsonala. Ia 20 urte geroago berpiztu du Barricada taldeko kideak .

Inigo Astiz
Iruñea
2010eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Patxadarik eza, hori du ezinegonak, eta ez du adinean aurrera egiteak hori sendatzen. «Desastre bat naiz», dio Enrique Villarreal El Drogas musikariak (Iruñea, 1959) bere egungo asmoez hitz egiterakoan. Ezin omen du planik egin, zail omen zaio urtebete baino luzeragora begiratzea, baina bitartean ezin geldi egon. Barricada taldearekin aski ez; Tijuana In Blue taldeko gitarrista ohi Mikel Barullasek Down sindromea duten neska-mutilekin osatutako Mochila 21 taldea laguntzearekin nahikoa ez, eta beste proiektu bati ekin dio orain; zaharra den proiektu berri bati. Barricadaren paraleloan sortu, 1992an disko bakarra atera, eta desagertu zen Txarrena izeneko taldea berpiztu du Villarrealek. Berak sortuak dira kantak, eta bera ariko da abeslari. Musikari ezagunak izango ditu ondoan, lagunak; Koma taldeko Brigi baterian eta Lengua de Trapoko Txus Maravi eta Flako Trigeniok gitarra eta baxuan.

Lau lagun rock hutsa egiteko, Villarrealek aitortu duenez. Aterabide bat da, nolabait ere, Txarrena harentzat. Orain arte egindako lan sendoagoetan pilatutako karga emozionala askatzeko bide bat. Grabatua dute diskoa jadanik, eta Villarreal dabil abestiei azken ukituak ematen. Urgentziaz bizi du proiektu hori ere, beste guztiak bezala, baina presarik gabe aritu nahi duela dio; otsailerako atera nahi luke diskoa. Eta, bitartean, kontzertuak: Iruñeko kartzelan hurrengoa, azaroan bertan.

Zerk bultzatu zaitu orain 1992an utzitako proiektua berpiztera?

Oso sinplea da. Hutsetik hastea gustatzen zait beti, baina 36ko gerrako historian oinarrituta Barricadarekin egindako La tierra está sorda bezalako lan sendoaren ondoren, gogoa nuen musikari batzuekin elkartu, kanta batzuk prestatu eta jotzen hasteko. Beste talde bat sortu beharrean, erosoagoa iruditu zitzaidan Txarrenarekin nituen kantei orain egindakoak gehitzea. Taldeko kide guztiek parte hartu dugu prozesu horretan, eta oso polita izan da.

Lan gogorra izan behar zuen Barricadaren azkenak, kanta guztiak 36ko gerrarekin lotuta baitzeuden. Liburutegi ordu askokoa, eta pisu emozional handikoa.

Lan handia izan da, bai. Asko heldu nau 1936ko gerraren gaiak, eta oraindik ere jarraitzen dut irakurtzen eta lekuak ikustera joaten. Tristezia handiko lekuak dira gehienak, baita fisikoki ere. Adibide argi bat da Ezkabako gotorlekua. Historiaren zati handi bat ikusten da hor, baina lurperatu egin nahi dute hori. Jendeari jakinarazi egin behar zaio hor eta beste hamaika lekutan gertatu zena.

Lan horren ondoren gogoa izango zenuen rock zuzenagoa egiteko, akaso? Hortik etor daiteke Txarrenaren berpizteko hautua?

Oso proiektu ezberdinak dira. La tierra está sorda-ren ondoren urrats gehiago egin behar banu, agian jotzeari utziko niokeen. Beste lan formularen bat hartu beharko nuke hurrengo urteetarako. Baina nik neure burua komediantetzat daukat, eta egia da gogoa dudala halako emozio karga askatzeko. Barricadaren azken laneko ildotik jarraitu izan banu, poesia erabat surrealista idazten bukatuko nukeen, edo absenta edaten, eta lau urte daramatzat alkohol tantarik edan gabe, familia utziko nukeen... auskalo. Ez dut neure burua hor ikusten, egia esan. Benetan naizena begi bistatik ez galtzen laguntzen dit Txarrenari berriz heltzeak.

Komediante bai, eta baita antzerki zalea ere taula gainean. Orain abesten ariko zara Txarrenarekin, baxua albo batera utzita. Askeago sentitzen zara agertokian?

Baxua gorputzaren luzapena da niretzat, kasik, baina orain beste egoera eszeniko batzuk probatu ahalko ditut, eta badut gogoa. Gitarra akustikoa ere jo nahi dut kantaren batean, armonika, gitarra elektrikoa... denak jotzen ditut, denak gaizki, hori bai; eta kantatu ere gaizki kantatzen dut...

Dena hain gaizki egiteko, gaizki ere ez doakizu musika munduan.

Inolaz ere ez. Leño eta Sex Pistols -ek dute horren errua. Jende askori konplexuak kendu, eta agertokira igotzen lagundu ziguten.

Rolling Stonesen kanta gogora ekarriz deskribatu izan duzu Txarrena: «Rock-and-roll hutsa da, baina gustatzen zait».

Txarrenaren lehen taldearekin Rolling Stonesen kanta horren bertsioa jotzen genuen, eta oso lotuta dago taldea ideia horrekin. Rocka da, rock hutsa, pretentsio handirik gabe. Nire izaerarekin bat doan zerbait, ezin baitut dudana pretentsio handiagorik izan. Gustatzen zaidana dut lanbide, eta ezin naiz kexatu. Txarrena ni definitzen nauen desastre izaera horren parte da.

Desastre izaera?

Pausoka joaten naiz lan egiten, ez dut planik, urtebeterako bai, baina ez gehiagorako. 51 urte ditut, eta hau dena opari bat da niretzat. Proiektu mordoa dut buruan, eta beti dabiltza hor dantzan. Niri gustatzen zait urteak betetzea, baina bete ahala handitu egiten zait ezinegona, gauza asko bukatu gabe utziko ditudalako.

Urgentziaz bizi dituzu proiektu hauek, beraz.

Baietz uste dut, eta esango nuke, hori oso lotuta dagoela rockaren filosofiak nigan izan duen eraginarekin. 80ko hamarkadako talde askori gertatzen zaigun zerbait da. Jotzen genuen kontzertu bakoitza azkena balitz bezala bizi genuen, gau bakoitza azkena balitz bezala. Baina gero egunsentia zetorren, eta hurrengo gaua berriz ere azken gaua zen. Oso gure izan dugu punkaren «etorkizunik ez» leloa. Horregatik urgentziaz bizi behar hori. Horrek ere badu alde txarrik, noski, ez baitago hausnarketarako tarte handirik.

Txarrenarekin hitzak intimistagoak dira, halere.

Atzera begira jarri naiz maiz, bai, garai zaharretara. Lagun asko bidean gelditu dira, eta berez izan dezakeen karga tragiko hori gabe saiatu naiz egoera horri begiratzen. Baina uko egiten diot 80ko hamarkadako egoera sozialagatik garesti ordaindu dela pentsatzeari, garesti pagatu dela onartzen dudan arren. Gauero bete-betean zebilen jende horren indarrik gabe, musika honek ez zukeen izan duen pisurik izango. Jende horrek zuen bultzadaren falta sumatzen dut. Pertsonaia horiek eta egoera horiek negatibotzat jotzeari egiten diot nik uko. Urte haietan jako ziztrinera kateatutako jende askorekin hitz egin, eta ohartzen zinen zabortzat hartzen zituen jende askok baino askoz ere bizitza aberats eta interesgarriagoak zituztela. Jende horrekiko enpatiarik ez izatea hutsegitea izan zela uste dut. Aurpegi onez gogoratu nahi ditut nik garai haiek.

Bada hor ere zer gogoratua.

Poliziek jakoaren salmentan zer funtzio izan zuten aztertu behar litzateke, nik uste. Ez bereziki Euskal Herrian, ordea. Onartzen dut hemen badirelazenbait ezaugarri berezi, baina Herrialde Katalanetan edo Andaluzian ere badira gurearen pareko egoerak. Nire ustez, ez da bizitza gogorragoa hemen, Sevillako edo Madrilgo gune batzuetan baino. 36ko gerrarekin ere antzera pasatzen da, Espainia guztian eragin zuen mina gerra hark. Galtzaile hauekin oso identifikaturik sentitzen naiz ni, eta Espainia horrekin identifikatzen naiz, ez egun telebistan eta futbol selekzioaren bitartez saldu nahi duten Espainia horrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.