Kathryn Bigelow eta James Cameron zuzendarien arteko lehia gisa aurkeztu ziren aurten Oscar sariak. Bigelowren The Hurt Locker eta Cameronen Avatar filmen arteko borroka gisa. Bederatzina izendapen zituen bakoitzak, tartean film onenaren eta zuzendari onenaren sarietarako. Bigelow gailendu zaio Cameroni, bi sari nagusi horiek ez ezik beste lau sari irabazita. Lehen emakumea da zuzendari onenaren Oscar saria eskuratzen. Avatar superprodukzioak, berriz, hiru sari baino ez ditu lortu.
Iragarri bezalakoa izan zen, oro har, Oscar sarien banaketa ekitaldia bart goizaldean, Los Angelesen (AEB). Kiniela guztiak eginda zeuden izar ospetsuak eta zinema munduko pertsona ezezagunagoak Kodak antzokiko alfonbra gorritik igarotzen hasi zirenerako. Eta izen askorekin asmatu egin zuten; faborito jotakoek irabazi dituzte sariak. Gaueko ezusteko bakarrenetakoa lanik onenaren saria Avatar-ek eskuratu ez izana izan liteke, askok iragarri baitzuten haren garaipena. Ordea, senar-emazte ohien bi lanen artean, aurrekontu askoz ere txikiagoa duen Bigelowren lana gailendu da, Irakeko gerran lehergailuak indargabetzen dituzten AEBetako soldaduen inguruko istorioa. Saria hunkituta jaso zuen zuzendariak, eta «Afganistan, Irak eta mundu osoan egunero euren bizitzak arriskuan jartzen dituzten» AEBetako tropak izan zituen gogoan. «Onik itzul zaitezte etxera», esan zien soldaduei.
Halaber, beste sari nagusia berak jasotzeko aukera handia bazegoen ere, nabarmentzekoa da Bigelowk jaso izana, 82 urtetan lehen aldiz eman baitiote emakume bati zuzendari onenaren Oscar saria. Halabeharrak hala nahi izanda, gainera, Emakumearen Nazioarteko Egunean jaso du saria Bigelowk. «Une hau bakarra da bizitzan», esan zuen.
Avatar izan da, beraz, Oscar sarietako galtzaile handia, hiru sari jaso baditu ere. Arlo teknikoari lotutako sariak denak ere. 300 milioi eurotik gorako aurrekontuak eta aretoetan 2.000 milioi dolarreko irabaziak lortu izanak ez dio garaipena eman. Ordea, film onenaren saria lortu duen lanik merkeena da Bigelowrena, 10 milioi euroko aurrekontuarekin eta 15 milioi euroko irabaziekin. Besteak beste, Mark Boal kazetariak idatzitako istorioagatik jatorrizko gidoi onenaren saria ere eskuratu du.
Gaueko beste ezustekoa ingelesa ez den beste hizkuntzan saritutako filma izan da, Juan Jose Campanella argentinarraren El secreto de sus ojos, hain zuzen. Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra eskuratzeko hautagai zena esku hutsik geratu zen, baina Das Weisse Band eta Un prophète lanen aurretik geratzea lortu du Oscar sarietan. «Akademiari eskerrak eman nahi dizkiot Na'vi-a atzerriko hizkuntzatzat ez jotzeagatik», esan zuen umoretsu Campanellak, Avatar-eko izaki urdinen mintzairari erreferentzia eginez saria jasotzerakoan.
Bridges eta Bullock sarituak
Gainerako ataletan iragarpen guztiak bete direla esan daiteke. Morgan Freeman eta George Cloonyri gailendu, eta Jeff Bridgesek jaso du gizonezko aktore onenaren saria, country kantari beterano baten rolean Crazy Heart filmean eginiko lanagatik. Zutik, txaloka hartu zuen publikoak saria jasotzera taula gainera igo zenean. «Mila esker, Akademiako kideok!», esan zuen aktoreak, irribarrea ahoan. «Ikuskizunaren negozioa» maitatu eta haurtzarotik bere oinarriak erakutsi izanagatik, gurasoei eskaini zien saria. Lau aldiz egon da izendatua Bridges Oscar sari baterako, eta lehen aldiz lortu du aurten. Crazy Heart filmak kanta onenaren Oscar saria ere eskuratu du.
Emakumezko aktore onenaren saria Sandra Bullockek jaso izanaere ez da ezustekoa izan, hark edoMeryl Streepek jasoko zutela ziurtzat jotzen baitzen. The Blind Side lanean «zerbait desberdina egiteko aukera emateagatik» eskerrak eman zituen aktoreak, biziki hunkituta. Rol erromantiko eta komikoak bete izan dituen antzezleak aktore txarrenaren Razzie saria jaso zuen bezperan, beste film batean jokatutako rolagatik.
Hedabide askok iragarritakoa bete zen bigarren mailako aktore onenaren sarien ataletan ere. Saritutako lanetan parte hartu aurretik publikoarentzat oso ezagunak ez ziren bi aktorek jaso dute saria: Precious film gogorrean ama gaiztoaren rolean aritutako Mo'Niquek, eta Inglourious Basterds-ennazien buruzagi lanetan aritutako Christoph Waltzek. Inglourious Basterds-ek zituen sei izendapenetatik bakarra irabazi du filmak Waltzek jokatutako rolari esker.
Bere etxeari ehunka puxika lotu eta gaztetako ametsa betetzera hegan abiatzen den aitatxi maitagarriari buruzko Up filmak jaso du animazio film onenaren saria, horrek ere espero bezala. Beste lau izendapen lortu zituen Up-ek, lan onenarena tartean, eta musikarik onenaren saria ere jaso du.
Umorearen aldeko apustua egina zuen Hollywoodeko Akademiak, beste behin ere, aurtengo ekitaldirako. Hala, Steve Martin eta Alec Baldwin hautatu zituen hiru ordu eta erdiko ekitaldia modu arin eta dibertigarrian aurkezteko. Baina aspergarria eta motela iritzi diote askok sari banaketari. Ohikoa denez, izarrak, jantzi dotoreak, bitxi ikusgarriak eta luxua igaro dira glamour-aren alfonbra gorritik, beste behin ere.
82 urtean lehen aldiz
'The Hurt Locker' filmarekin lan onenaren eta zuzendari onenaren Oscar sari nagusiak eskuratu ditu Kathryn Bigelowk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu