«'A Serbian Film' ez da pornografikoa, gorea baizik»

Sitgesko Jaialdian filma emategatik zuzendariaren kontra hasitako auzibidea itxi du epaileak

Agentziak
Bartzelona
2012ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
A Serbian Film filma eman zuten 2010eko Sitgesko Fantasiazko Zinema jaialdian. Handik gutxira, Haurren Kontrako TratuTxarren Elkarteen Espainiako Federazioak eta Familia Gurasoen eta Ikasleen Gurasoen Konfederazio Nazional Katolikoak (CONCAPA) salaketa bat jarri zuen Angel Sala jaialdiko zuzendariaren kontra, eta fiskaltzak onartu. Filmeko sexu eta biolentzia eszena gordinetan adin txikikoak azaltzen zirela salatu zuten bi elkarteek. Ia urte eta erdi geroago, ordea, Bartzelonako epaile batek Salaren kontra irekitako auzibidea itxi du, ebazpenean honako hau argudiatuz: «Ez da filma pornografiko bat, gorea baizik. Haren helburua ez da sexualki probokatzea; are gehiago, kontrako xedea dauka».

«Inputatuaren abokatuak adierazi duen bezala, filmeko eszenak gaitzesgarriak, masokistak eta muturreko biolentziakoak dira. Halere, ez dute sexualki kitzikatzeko helbururik (ez, behintzat, sexualki zintzoak diren pertsonak kitzikatzea)», gehitu zuen epaileak ebazpenean. Era berean, inputatuak delitu bat egiteko asmorik ez zuela nabarmendu zuen: «Izan ere, hainbat sari jasotakoa da filma (zalantzagarriak, halere, epaile honen ustez)». Filma Cannesko eta AEBetako hainbat jaialditan eman zuten, besteak beste, «eta Sitgesko Jaialdiko zuzendariak, agian, ez zuen behar bezainbesteko ardurarekin jokatu, eta ez zuen filma osorik ikusi eman baino lehenago», Argudio horiek kontuan hartuta, epailearen arabera, Salak ez du deliturik egin.

Salaren defentsak iazko maiatzean eskatu zuen auzibidea artxibatzeko. Horretarako, filmaren making off-a aurkeztu zion epaileari. Horrekin azaldu nahi zuen adin txikikoak agertzen diren sexu eszenetarako panpina puskak erabili zirela, benetako adin txikikoen ordez. Baina fiskaltzak uko egin zion kasua artxibatzeari. Izan ere, iruditu zitzaion filma bera erakustea delitua dela kode penaleko 189.7 artikulua kontuan hartuz gero. Salak berak iazko uztailean adierazi zuen ez zutela inor mintzeko asmorik. Nacho Vigalondo zuzendariak esan zuen, berriz, filmaren xedea «beldurtzea» zela, «ez kitzikatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.